Pilotariek emaitzak ospatuz agurtu dute denboraldia

Ataria 2013ko uztailaren 11

Intxurre Pilota Eskolako pilotariek amaiera eman diote 2012-2013 denboraldiari. Oraindik, partida batzuk zintzilik gelditzen zaizkie pilotari batzuei, baina hala eta guztiz ere, iragan ostiralean afari ederrarekin eman zioten ofizialki amaiera denboraldiari. Pilota eskolako arduradunak, pilotariak eta gurasoak elkartu ziren Altzoko Elordi Elkartean.

Aurten, Intxurre Pilota Eskolan 39 neska-mutil aritu dira jo eta su. Mutilak eskuz eta neskak palaz aritu dira, eta emaitza esanguratsuak  lortu dituzte: «Hasteko, urte osoan egindako lana eta ahalegina nabarmendu behar da, eta baita lortutako emaitzak ere». Nesketan, infantil mailan, Naroa Olano eta Sara Agirreren Gipuzkoako txapeldunorde gelditu dira; jubeniletan, Mari Murua eta Maialen Senperenaren Gipuzkoa eta Euskadiko txapelak lortu dituzte, eta Maialenek berak Maite Tolosarekin Udaberri saria irabazi du.

Mutiletan ere ez dira atzera geratu, eta infantilen urte bikaina aipatu dute pilota eskolatik, Gipuzkoako Udaberri sarian lehen bi postuetan gelditu direlarik. Gorostidi eta Alonsok nagusien hirugarren mailako Udaberri saria irabazi dute; Beñat Urretabizkaiak Zumarraga eta Zizurko lau terdiko txapelak jantzi ditu eta Getxokoa bi-bitara; eta Iñaki Artolak nagusien mailako buruz buruko Gipuzkoa eta GRAVNeko txapelak ez ezik Zaldibarko lau terdikoa eta amaitu berri den Migel Soroa txapelketakoak jantzi ditu .

Gabonetako Topaketaren arrakasta ere azpimarratu dute alegiarrek: «Abaltzisketa, Alegia, Altzo, Amezketa eta Ikaztegietako ia 100 neska-mutilek hartu dute parte. Hau dena  ezinezkoa litzateke gurasoen jarrera eta laguntza, eta Alegi, Altzo eta Ikaztegietako udalen eta Calcinor entrepresaren laguntzarik gabe. Gustura gaude, nola ez bada, Intxurreko arduradunok eduki dugun giroarekin eta pilotari gehienek eduki duten grinarekin». Atseden apur bat hartzeko garaia iritsi zaie orain, irailean indar berrituta heltzeko ekitaldi berriari.

Uda ondo pasatzeko gonbita luzatu dute, euren leloa ahaztu gabe: «Gurea, Pilota!».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!