Ez da udaberri polita izan dendarientzat, eta bereziki arropa eta osagaiak saltzen dituztenentzat. Arropa freskoa janztea aurreikusten zen garaian ez du eguzkiak batere lagundu, eta hotzetik babestekoak eraman ditugu soinean udan ederki sartuta ginenera arte. Ondorioz, jendeak batetik ez du arropa hori erosteko behar handiegirik izan, eta bestetik, egungo egoerak batere laguntzen ez duenez, merkealdia iristera itxaron du maukaren bat lortzeko. Merkatariek, beraz, horretan dute itxaropen guztia jarria, udaberrian saldu ez dena, orain, merkealdian sartu garen honetan saltzean.
Eta, antza aurreikuspenak ez doaz hain gaizki. Juanjo Ruiz Tolosa&Co Merkatarien eta Ostalarien elkarteko lehendakariak azaldu duenez, «lehenengo astean salmentetan nabaritu da merkealdia eta eguraldi ona iritsi dela». «Orain udako arropa erosteko premia dago, eta merkeago dagoela baliatuta, jendeak erosiko duela espero dugu». Gainera, gehitu duenez, udaberrian ez denez asko saldu, erosleek aukera handiagoa dute orain, dendetan produktu asko baitago. Agus Aduriz Tolosaldea Garatzeneko merkataritza dinamizatzaileak dioenez, bestalde, eguraldia eta eskaintzaz gain, oporretan egoteak ere asko laguntzen du: «Jendea oporretan dago, eta baita haurrak ere, eta haurrek kalera ateratzea eragiten digutenez, dendetara jotzeko joera handitzen da».
Merkealditik kanpora hainbat dendatan egin ohi dituzte eskaintza bereziak, baina ofizialki uztaileko lehen astetik irailaren azken egunera arte, bi hilabeteko gehienezko iraupenarekin jartzen dituzte dendek euren produktuak prezio baxuagoan salgai. Hori geroz eta gehiago errespetatzen dela dio Ruizek. Baina, lehen ematen ez zen joera bat ematen ari da azken urteetan, merkealdia astearekin batera hasten direla saltzaileak beherapen handiak eskaintzen: «Saltzaile gehienek %20 edo %30eko beherapenekin hasten dute merkealdia, baina aurten bereziki nabaritu da erdi prezioan jarri dutela askok normalean baino lehenago», azaldu du Ruizek. Aduriz ere bat dator joera horrekin: «Lehen uztaileko azken asteetara itxarotzen zuten dendariek deskontu handiagoak egiteko, eta duela bi urte edo hasi ziren azkar batean %50era jartzen produktuak; aurten, bereziki, oso orokorra izan da». Dendan dutena ahalik eta azkarren saltzea dute helburu dendariek, eta horregatik aurkitu ditugu horrelako eskaintzak egun hauetan.
Bada, halaber, merkealdian nabaritzen ari den beste joera bat, lehen beherapenak egiten ez zituzten dendak hasi direla egiten, alegia: «Bitxitegiek, esaterako ez zuten beherapenik egiten lehen, baina gaur egun hasiak dira eskaintzak egiten hainbat produktutan, eta hori gertatzen da konpetentzia handia dagoelako», adierazi du Adurizek.
Herrikoa sustatu
Bai merkatarien elkartetik bai eta Tolosaldea Garatzenetik mezu baikorra bidali nahi izan dute, eta biek argi dute herriko komertzioa sustatu behar dela. «Merkatalgune handietan erosi ordez, herrian kontsumitu behar dugu, komertzioa dagoen lekuan bizia baitago, eta horietara joanez hiriak eta herriak hiltzen baitira. Hori eta gure ekoizleen produktuak kontsumitzera bultzatu nahi ditugu herritarrak», azaldu du Ruizek.
Horretarako, gure komertzioaren indarra, eta bereziki Tolosakoa nabarmendu dute: «Komertzioan, kopuruari dagokionez, Tolosa Euskal Herriko handiena da. Urtetan denda eta dendari kopurua mantenduz doa, beraz poztekoa da», esan du Ruizek.