Infantilen mailako Euskal Herriko Igeriketa Txapelketa jokatu zen larunbatean eta igandean Tolosako Usabal kiroldegian. Etxeko taldeak, Tolosaldea IKT-k, maila bikaina erakutsi zuen, eta proba guztien batuketa egin ostean, puntu gehien bildu zituen taldea izan zen, IKT-ko igerilari guztiei esker.
Norbanakoen emaitzak begiratzen hasita, Ander Arruabarrenaren lana azpimarratu behar da, IKT-ko igerilariak hiru urrezko domina lortu baitzituen. Arruabarrena 200 metroko distantzian jaun eta jabe izan zen, modalitate desberdinetan izan arren, hiru garaipenak luzera horretan lortu baitzituen.
Iosu Molinerok eta Ekain Agotek bi proba irabazi zituzten. Molinerok, 100 metroko distantziari atera zion zukua, eta Agotek, tximeleta igeriketan ederki moldatzen dela erakutsi zuen, 100 eta 50 metroko luzeran bi urrezko domina eskuratuz.
Garaipen bakarrarekin, baina bikain, Julen Urretabizkaia, Jon Urdangarin, Nerea Rodrigez, Kepa Oiartzun, Iker Badallo eta Marina Etxarri gelditu ziren.
Norbanako probez gain, taldekakoak jokatu ziren Usabalen, distantzia eta modalitate desberdinetan. Neskek zein mutilek puntu ugari pilatu zituzten. Mutiletan, puntu guztiak gehitu ondoren, lehen postuan gelditu ziren Tolosaldea IKT-koak, eta nesketan, bosgarren. Bien batuketak, ordea, lehen postua eman zien eskualdeko igerilari gaztetxoei.