PSE-EEk «boikota» salatu du herri galdeketetan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko uzt. 9a, 11:13

Hondakinen inguruko herri galdeketetako parte hartzea esanguratsutzat jo dute PSE-EEko ordezkariek

Azken asteotan Tolosaldeko hainbat herritan hondakinen bilketa sistemen harira egindako herri galdeketak baloratu zituen, pasa den ostiralean, Tolosaldeko PSE-EE alderdiak. Agerraldian, Denis Itxasok «boikota» salatu du: «Ezker abertzaleak beldurrez beteriko erantzuna eman du, eta boikoteatu egin nahi izan du guztia».

Gipuzkoako PSE-EEko ingurumen arduradun Denis Itxasorekin batera, Jose Ignacio Asensio Tolosako zinegotzia, Maria Luisa Arija Amasa-Villabonako zinegotzia eta Oscar Martinez Zizurkilgo zinegotzia izan ziren agerraldian, eta guztiek nabarmendu dute «herritarren parte hartze handia».

Itxasok, egoeraren irakurketa galdeketetatik harago egin behar dela uste du, izan ere, «jasotako sinadurek, manifestazioek nahiz protesta egiteko hainbat egitasmok jendearen ezinegona erakutsi dute», bere ustez: «Honekin batera, kontsultek datu berri bat eman digute, eta ez gaude bestaldera begiratzeko prest, ez emaitzekin, eta ezta ezker abertzalearen jarrerarekin ere». Dena den, onartu egin du delegatutako botoetako sinadurekin gertaturiko hainbat gauza ez zaizkiela gustatu: «Horrek, ordea, ez dio zilegitasunik kentzen parte hartzeari».

PSE-EEko ingurumen arduradunak galdeketetara bozkatzera ez joatea eskatzen zuten bi kartel erakutsi zituen prentsaurrekoan: «Hau boikota da, eta aurretik pentsatutakoa gainera. Hemen ikusten da zein den beren izaera demokratikoa».

Honekin batera, «ezker abertzaleak bozkatzera joan ez direnei barre egin» diela azaldu zuen Itxasok: «Bozkatzera joan ez diren guztien bozka bereganatu dute, eta hori faltsua da, iruzurra da».

Hondakinen bilketa sistemen auzi hau «tokian tokiko demokraziarekin» estuki lotuta dagoela uste du Tolosaldeko PSE-EEk, eta honen harira, herri galdeketak udalek eurek antolatu behar zituztela irizten dute. Horrela, beraz, ezker abertzaleari «auzia politizatzea» egotzi diote.

«Kezka» egoeraren aurrean

Maria Luisa Arija eta Oscar Martinez zinegotziek, «kezka» azaldu zuten: «Zizurkilen bizilagunei jarraitu egiten diete kalean, zaborra nora botatzen duten ikusteko, eta egiazki, ez dago oraindik ordenantzarik; ontziak jartzea bakarrik arautzen du ordenantzak. Atez atekoa jauntxokeria bat da, azken finean», salatu zuen Martinezek.

Bere aldetik, Amasa-Villabonako Maria Luisa Arija zinegotziak «desilusioz beteta» azaldu zuen bere burua, Bildurekiko: «Demokratak direla diote, eta ez da horrela. Gainera, atez atekoaren kostua udaleko hainbat partidetan zatituta dago, eta ezin da benetako gastua ezagutu».

Tolosarako «itxaropena»

Tolosan uda ondoren emango dute, hondakinen bilketa sistema zehazteko informearen emaitza. PSE-EEko Jose Ignacio Asensiok, horren harira, «udal gobernuaren aldetik isiltasuna besterik ez» dagoela nabarmendu zuen: «Tolosako erabakia oso-oso baldintzatuta dago, bai pleguaren baldintzen aldetik, bai hondakinen bi mahaiak eratzeko moduagatik nahiz informeengatik ere».

Hala ere, «udal gobernua herritarrekiko gutxiengoan» dagoela azpimarratu nahi izan zuen: «Hori ez bada errespetatzen, zer da parte hartzea?». Bide honetan, beraz, «itxaropentsu» azaldu ziren Asensio eta Itxaso: «Tolosan, Bilduk beste zenbait herritan eman duen ziaboga emango du ziurrenik, aurkako indarra handiagoa delako herri txikietan baino».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!