Amasa-Villabona ere zero zabor bidean jarri da

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko uzt. 9a, 11:08

Gaikako bilketarekin hasi dira, eta Galder Azkue alkateak herritarrak zoriondu ditu honen aurrean

Ainhoa Iraola, Galder Azkue eta Amaia Azkue izan ziren bilketa sistema berriaren lehen egunean.

Atzo goizean pasa zen lehenengoz, Amasa-Villabonatik, aurrerantzean hondakin organikoen ontziak jasoko dituen kamioia. Txermingo ikastolaren ondoan, Galder Azkue Amasa-Villabonako alkatea, Amaia Azkue Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkaria, eta Ainhoa Iraola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako zuzendaria elkartu ziren, atez ateko bilketa sistema ofizialki abiarazteko.

Galder Azkue alkateak, herritarrak zoriondu zituen, hasteko: «Egun zoriontsua da guretzat, atez atekoari hasiera emango baitiogu. Pauso handi bat emango dugula iruditzen zaigu, hondakinen arazoari irtenbidea emate bidean. Beraz, nire aldetik behintzat, herritarrei eskerrak eman nahi dizkiet, eta baita zoriondu eta animatu ere».

Amaia Azkuek, bere aldetik, eskualde osoko egoera baloratu zuen, hondakinen bilketari dagokionez: «Pasa den ekainaren 17an eman genion hasiera, Tolosaldean, atez ateko bilketa sistemari, eta bertan esan genuen birziklatze tasak iraultzera gindoazela. Gaur, esateko moduan gaude, %70a gaika sailkatzen dugula herri horietan». Horrekin batera, zorionak eman nahi izan zizkien billabonatarrei, Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkariak ere.

Azkenik, foru aldundiko Ainhoa Iraolak, Gipuzkoa pauso nabarmenak ematen ari dela azpimarratu zuen, zero zabor norabidean, eta herritarren konpromisoa nabarmendu zuen era berean: «Herri askotan bilketa sistema eraginkorrak ezartzen ari dira, eta beste hainbat herritan, berriz, konpromiso argiak hartzen ari dira bilketa sistema hobetzeko eta birziklatze tasa handietara iritsi ahal izateko».

Honekin batera, Europako eta AEBetako hainbat lekutan atez ateko hondakinen bilketa sistema indarrean dagoela gogora ekarri zuen, eta «datu eta irizpide objektiboetan oinarrituta, birziklatze tasa altuenak ematen dituen sistema» dela baieztatu. Hondakinen bilketa datuez harago, ordea, sistema berri honek Gipuzkoako herritarrek ingurumenarekiko duten jarrera aldatzen ere lagunduko duela uste du Iraolak, Amasa-Villabonan azpimarratu zuenez: «Gizartean kontzientziazioa zabaltzen ari da, eta eragile eta elkarteak ere konpromisoa hartzen ari dira, hainbat hitzarmen eta formularen bidez, zero zabor norabidean».

Herritarrei babesa

Pasa den larunbatetik iganderako gauean, 23:00ak aldera, Villabonako alkatearen etxe azpiko zenbait edukiontzi erre zituzten, Kale Berrian. Galder Azkue alkateak, ordea, ez zuen gertakariaren inguruko baloraziorik egin nahi izan atzo.

Besterik gabe, herritarrei babesa erakutsi nahi izan zien: «Ni Amasa-Villabonako alkatea naiz, eta ez dut gai hau baloratuko. Sutearen eraginak jaso dituzten bizilagunei nire babesa eskaini nahiko nieke, eta jakin dezatela, udalak lagundu egingo diela beharrezkoak diren tramite guztietan».

EH Bilduko Marian Beitialarrangoitia ere bertaratu zen Villabonara, eta sutearen gertakaria izan zuen hizpide: «Amasa-Villabonak emandako pausoa, eta oro har, Gipuzkoako nahiz Nafarroako Sakanako hainbat herrik emandakoa auzi honen zati ona besterik ez da. Izan ere, larunbat gauean hemen gertatutakoa ez da lehen aldia, gogoan  izan behar baita Lezokoa».

Horrela, eztabaida tekniko eta lasaietarako deia egin die gainerako alderdi politikoei: «Hondakinen bilketaren inguruan hitz egin beharrekoek eztabaida lasai eta teknikoak eskatzen dituzte, politikoak baino gehiago. Batzuk, aldiz, horrek eragiten diena gustuko ez dutelako, nahiago dute gezurretan oinarrituriko eztabaida zikina eta nahasia; horretan aritu dira azkenaldian. Eta hor kokatzen dugu Villabonan erretako edukiontziena».

Bide horretan, Beitialarrangoitia errauste plantaren auzira begira ere jarri zen, eta «interes ekonomiko eta politikoak» aipatu zituen: «Errauste planta eraikitzeko dituzten interes horiek gailenduz, ikusten dugu eztabaida zein parametrotara eraman nahi duten. Ez gara gu eztabaida bide horietara eraman nahi dugunak, eta gainerako indar politikoak ere elkarrizketa eta negoziazio lasaietara deitu nahi genituzke».

Finean, edukiontzien erretzea EAJri egotzi ez dion arren, hauen jarrera erlazionatu du gertakariarekin: «EH Bilduk ez daki EAJ horren atzean dagoen edo ez, baina garbi daukaguna zera da, EAJ bezalako alderdiek auzi honetan darabilten jarrera, horrelako gertakarien animatzaile eta sustatzaile dela. Beraz, bere ardura maila badu alderdiak, eta zentzuz pentsatu beharko luke zertan ari den».

Azkenik, hondakinen bilketa sisteman auziko bi aldeen ordezkari diren plataformek ere eman dute beren iritzia suteaz. Tolosaldea Txukuneko Patxi Amantegik «oso haserre» erakutsi du bere burua, edukiontziak erretzea eurei egotzi dietela uste baitu: «Gustatuko litzaidake argi geratzea, guk ez daukagula horrekin zerikusirik. Gertakari hau, orain arteko erretzeen eskeman sartuko nuke; nork erretzen ditu hemen edukiontziak? Ez da berria edukiontziak erretzea, eta nik pentsatzen dut betikoak izango zirela».

Bide honetan, Galder Azkue alkatea ere hizpide izan du Amantegik: «Villabonako alkatea, herri osoan barrena gasolina botatzen ari da, eta orain kexatu egiten da norbaitek su eman diolako. Logikak dio kontrakoa dela, eta atez atekoaren alde dagoen norbait ari dela edukiontzi guztiei su ematen».

Amasa-Villabonako Zero Zabor taldeak, berriz, bilketa sistema berria azpimarratu du: «Guretzat gaurkoa izan da egun garrantzitsua, hainbeste lanen ondoren gaika biltzen hastea lortu delako. Azken finean ez da hondakinen kontua bakarrik; gizarte ereduaren aldaketa bat da, eta guk hori bultzatu nahi dugu».

Horrela, ez dute larunbateko gertakaria baloratu nahi izan: «Inork ez du sutea bere gain hartu. Kontu politiko horietan gu ez gara sartzen, eta guk larunbatekoa ez dugu aintzat hartu, gaurko eguna baita, guretzat, benetan garrantzitsua».

______________________________________________________________________________________

Edukiontziak sutan

Amasa-Villabonan, larunbat gaueko suteak bulego batean eta bi ataritan kalteak eragin ditu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!