Festak eta San Fermin giroa asteburuan

Ataria 2013ko uztailaren 9a

Eskualdeko txoko askotan jai giroan igaro dute asteburua, eguzkiak lagun. Tolosako Amarotz eta Iurre auzoan festak ospatu dituzte, eta Alde Zaharrean San Fermin giroa. Alegian, berriz, motozaleek jarri dute giroa.

Iruñean edota Lesakan ezezik gurean ere galtza eta elastiko zuriak eta zapi gorriak jantzita irten ziren herritar asko gurean larunbatean. Tolosako Alde Zaharrean aspaldian ohitura zena berreskuratu dute azken urteetan, eta suziria jaurti zuten sanferminak irudikatuz. Ondoren etorri ziren zezentxoak eta buruhandiak, eta horien aurretik nahiz puzgarrietan jolasean aritu ziren gaztetxoak. Patata tortilla lehiaketan, berriz, sei partaide izan ziren, eta ondoren, herri bazkarian elkartu ziren auzotarrak.

Tolosako Iurre auzoan, berriz, hiru eguneko festa izan dute. Futbolarekin eta afariarekin hasi ziren ostegunean, eta ostiralean bota zuten suziria. Bertan ere entzierrotxoa izan zuten, eta haurrek ederki pasa zuten. Ederki jolastu ostean, Larrain dantza egin zuten auzotarrek. Larunbatean, krosa egin zuten auzotarren artean, eta jaiak behar bezala amaitzeko, afarian elkartu ziren guztiak, giro ederrean.

Amarotz auzoan ere ekitaldiz beteriko asteburua izan dute. Ostiralean hasi zituzten jaiak, mozorro gauarekin. Larunbatean, gaztetxoek puzgarrietan nahiz jokoetan ari ziren bitartean auzotar ugari animatu zen ajoarriero lehiaketan parte hartzera. Sariak banatu ostean, bazkaria izan zuten, eta arratsalderako, antzerkia, herri kirolak edota euskaraokea izan zituzten aukeran. Herenegun ere jarraitu zuen festak, Amarozko dantza taldearen emanaldiarekin, herri bazkariarekin nahiz sardina jatearekin.

Lizartzan, ere, San Fermin eguna ospatu zuten ostiralean, udaleku irekietako haurrek, sanfermineko abestiaren bideoklipa grabatuz, entzierroa eginez, eta ur jolasetan jolastuz.

Bestalde, ehunka motozale bildu ziren Alegian, Ibarrako Langostino moto elkarteak antolatutako XI. Langostino Moto Festan. Larunbatean motorrekin eginiko jolasak izan ziren ikusgai. Ondoren, ibilaldia egin zuten motozaleek, eta gauean, afaldu eta gero, kontzertuak izan ziren Alegiako plazan. Herenegun, poteoa ere egin zuten herrian.

Peroteko langileen epaiketa

Zizurkilgo Huyck Wangner lantegiko beharginek ohiko moduan elkarretaratzea egin zuten larunbatean, Tolosako Trianguloan. Hain zuzen ere, gaur dute Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian 74 langile kaleratzeko erregulazio dosierraren aurkako epaiketa. Egun bateko epaiketa izatea espero dute, eta epaiaren berri noiz emango duten ez dakiten arren ziurrenik uda ostean izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!