Tolosaldeko Bilduk atez atekoaren inguruko galdeketen balantzea egin du. Lehenik eta behin, herri kontsultaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute Hasier de los Rios eta Eider Imaz Bilduko ordezkariek, «oso tresna serioa» dela nabarmenduz: «Herri borondatearen isla den neurrian, errespetu bat zor zaio beti».
Tolosaldeko Bilduko ordezkariak[/caption]
EAJri tresna hori desitxuratzea leporatu die: «Egun hauetan, tresna demokratiko hau arma politiko bezala erabiltzen ikusi dugu EAJ. Hondakinen arazoa konpontzeko baino, gehiago korapilatzeko erabili nahi izan da galdeketa hau. Edozein kasutan, argi geratu den gauza bakarra da, EAJk herri galdeketa hauekin zuen helburua ez duela lortu. Bere maniobra politikoa gaizki atera zaio».
Herritarren gehiengoak atez atekoari aukera bat eman nahi dio Bilduren hitzetan. Ondorio horretara iristeko, azken aste hauetan hondakinen gaian izandako ekimen guztiak kontuan hartu dituztela diote Bildutik: «Udalek atez atekoa definitzeko helburuarekin egindako parte hartze prozesuak; Tolosaldea Txukunek antolatutako herri galdeketak; ezarpen fasearen lehen egunak…». Herri galdeketetako emaitzak kontuan hartu behar direla esan dute Bildutik, «7.000 bizilagunetik ia 2.400 bosgarren edukiontziaren alde agertu direlako». Hala eta guztiz ere, Amasa-Villabonan, Iruran eta Anoetan atez atekoa probatzeko nahia «zabaldua» dagoela ikusten dute Bilduko ordezkariek.
Herri galdeketak egiteko erabili duten formula berarekin ere ez dira ados agertu Asier de los Rios eta Eider Imaz: “EAJk eta Tolosaldea Txukunek herri kontsultak egiteko erabili duten formula honekin kritikoak azaldu ginen lehen unetik. Ez dugu ulertzen nola bere burua demokratikotzat jotzen duen alderdi horrek, demokraziaren urrezko araua den ‘pertsona bat, boto bat’ legea zein lotsagabeki apurtu duen”. Bilduko ordezkarien ustez, EAJk boto delegatua kontsultaren emaitzak “gizentzeko” elementu bezala erabili du, “eta hala eta guztiz ere, ez dute bere helburua bete”.
Tolosaldeko Bilduk ikuskatzaileekin gertatu zena ere salatu nahi izan du: «EAJren ordezkariek ez zieten hautes-eskoletan sartzen utzi ikuskatzaile lanak egitera joan ziren herritarrei. Argi zegoen ez zutela lekukorik nahi. Fede onez aritzen ez denak ez du lekukorik nahi izaten». EAJren «apustua», Bilduren ustez, «datu faltsuekin jokatzea eta atez atekoaren aurkako manipulazio mediatikoa izan da». Hala eta guztiz ere, «medio publiko eta pribatu nagusiak euren alde izanda ere, beraien helburua ez dutela lortu» esan dute Bilduko kideek. Hauen ustez, «intoxikazio kanpainak porrot egin du».
Koalizio abertzaleko ordezkariek gainontzeko alderdi guztiei deialdia luzatu diete: «Gezurraren garaiekin bukatzeko eskatzen diegu. Debate alderdikoiak alde batera utzi, eta hondakinek sortzen duten arazoa zein sortu dezaketena konpontzeko garaiak dira. Bide horretan, Bilduren laguntza aurkituko dute».
Ez hondakinekin bakarrik
Parte hartzea bultzatzearen alde agertu dira Tolosaldeko Bilduko ordezkariak, baina «EAJk eta Tolosaldea Txukunek erabili duten herri kontsultaren ereduak iruzurrari bidea irekitzen diola» gaineratu dute, eta ondorioz, hori ez dela euren eredua. Parte hartzearen alde daudela nabarmendu dute Bildutik, baina ez hondakinen gaiarekin bakarrik: «Legealdiaren bi urte hauetan hori demostratu dugu, eta jarraituko dugu demostratzen».