Nafarroako parlamentuak Maxurrenea ahalik eta azkarren kultur eta gizarte ekintzetara bidera dadila onartu du. Ondorioz, Maxurrenea Herrintzat plataformak gertuago ikusten du Maxurrenea eraikina Leitzari itzultzea.
Iragan ostiralean plataformako hamabi kide joan ziren parlamentura, bertan, Bildu eta NaBai taldeek sartutako mozioa aztertu behar baitzuten. PSNk leitzarren mozioa ordezkatzeko eskaera egin zuen, bi puntuz osaturiko beste bat aurkeztuta. Plataformako kideek azaldu dutenez, «une horretan, eztabaida sutsua piztu zen plenoa minutu batzuetan eteteraino». Bada, lehen puntuak plataformaren eskaeraren laburpena jasotzen zuen, hau da, Maxurrenea etxea erabilera kultural eta sozialetara bideratzea. PSNren bigarren eskaerak, berriz, Guardia Zibilarentzat kokapen berria bilatzearen beharra aipatzen zuen.
Puntukako bozketa egin zuten, eta herri eskaera biltzen duen lehen puntua onartua izan zen, aldeko 26 bozka jasoz (PSN, Bildu, Aralar-NaBai, I-E). Bigarren puntua, ordea, ez zen onartu, UPN, Bildu eta Aralar-NaBaik kontrako bozka eman baitzuten.
Maxurrenea Herrintzat plataformak esan duenez, Nafarroako parlamentuan jasotako babesaren ondoren, Maxurrenea leitzarrei itzultzeko eskaera «are eta legitimoagoa da». Hala, Nafarroako parlamentuak onartutakoa lehenbailehen bete beharko lukeela uste du plataformak. Era berean, Nafarroako Gobernuak «nahi duena egitera» ohituta daudela ere azaldu du: «Horregatik, orain indarrak Nafarroako Gobernuari apelatzen jarriko ditugu». Bada, Maxurrenaren alde Leitzan bildutako sinadurak helaraziko dituzte, eta bilera eskatuko dute hainbat gobernu arduradunekin. Bestalde, uda «hausnarketa sakonagoa» egiteko baliatuko dutela, eta irailean berriro ere lanketari ekingo diotela adierazi dute plataformatik.