Eskualdeko atletek maila bikaina eskaini dute Durangon jokatu diren Kadeteen Euskadiko Atletismo Txapelketan. 18 proben ondoren, nesken taldeak bigarren postua eskuratu du Txindokiren atzetik. Bakarka ere emaitza paregabeak lortu dituzte.
4x100m erreleboen proban, garaipena eskuratu dute Lara Torregaray, Irati Mitxelena, Ane Galarza eta Naia Otegik. Euskadiko txapeldun izendatuta, Espainiako Txapelketara joateko aukerak dituzte, Espainiako laugarren marka hoberena baitute. Horrez gain, brontzezko beste hiru domina eskuratu ditu Mitxelenak: 100 m hesietan (15.87), pertigan (2.00 m) eta salto hirukoitzean (10.60m).
Gainontzeko neskak podiumetik hurbil sailkatu dira. Lara Torregaray, adibidez, laugarren izan da 100 metroetan (13.12s), Espainiako Txapelketarako marka
gutxienekotik bi ehunenetara. Maddi Marquet ere laugarren izan da 600 metroko proban, 1:49:15 denbora egin eta gero. Postu berean sailkatu dira Ane Galarza luzeran (4.58m), Maria Alvarez mailuan (33.49m), eta Maddi Marquet, Ane Etxeberria, Naia Vazquez eta Nerea Ixmucanek osatutako erreleboa 4x400 metroko proban. Ane Etxeberria, Olatz Marquet, Alaitz Santos, Leire Lopez eta Marina Aldalurrek ere parte hartu dute.
Mutiletan, berriz, ez zen taldea osatzerik lortu, baina hainbat domina eskuratu dituzte bakarkako probetan. Disko jaurtiketan Aitor Plazaolak zilarrezko domina eskuratu du, 31.75 metroko jaurtiketa egin eta bere marka pertsonala hobetuz. Brontzezko beste bi domina lortu dituzte: Iker Garatek 100 m-etan, Espainiako gutxieneko markatik bost ehunenetara geratuz (11.95); eta bestea 4x100 m-etako errelebo taldeak. Azken hau Iker Garate, Aitor Plazaola, Julen Madera eta Mattil Jauregik osatu dute.