Europako Pista Txapelketarako sailkatu da Iriarte

Ataria 2013ko uztailaren 2a

Ane Iriartek Europako Pistako Txirrindularitza Txapelketarako txartela lortu du. Oriako Txirrindulari Elkarteko gazte tolosarrak pasa den asteburuan Madrilen jokatutako sailkatze proban gutxieneko denbora egitea lortu eta sailkapena eskuratu zuen.

Mikel Matxineak irabazi du Gipuzkoako Txapelketa[/caption]

Mutiletan ere izan zen eskualdeko txirrindularien parte hartzea Madrilgo proban. Oriakoko Xabi San Sebastian eta Jon Irisarri izan ziren. Lasterketa onak jokatu arren, ez zuten lortu Europarako txartela.

Bestalde, jubenil mailako Gipuzkoako Itzulia jokatu da asteburu honetan, eta emaitza bikainak lortu ditu Oriakok. Izan ere, jokatutako lau etapen ondoren, Mikel Matxinea izan da itzuliko garailea. Xabi San Sebastian taldekidea, berriz, bigarren izan da.

Aian amaitu zen lehen etapan bigarren egin zuen Matxineak. Irisarri eta San Sebastian laugarren eta bostgarren izan ziren hurrenez hurren. Olaberriako bigarren lasterketa San Sebastianek irabazi zuen, helmugan Matxinearekin batera iritsita. Azken hau lider moduan jarri zen. Andoaingo hirugarrenean, berastegiarra hirugarren izan zen, eta tolosarra laugarren. Seguran jokatutako azken etapan, berriz, San Sebastian laugarren izan zen, Matxinearen aurretik.

Sailkapen orokorrean, Matxinea izan zen hoberena. San Sebastianek mendiko mailota eskuratu zuen, eta taldeka ere tolosarrak hoberenak izan ziren Caja Ruralen aurretik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!