Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea, San Fermin txapelketako finaletik at

Ataria 2013ko uztailaren 2a

Ez da Leitzaldeko pilotaririk izango igande honetan Iruñeako Labrit pilotalekuan jokatuko den San Fermin txapelketako finalean. Abel Barriolak eta Oinatz Bengoetxeak finalaurrekoetan ezin izan diete Martinez de Irujo eta Aimar Olaizolari irabazi, eta buruz buruko finalean aritu ziren bi pilotariak ariko dira nor baino nor Nafarroako lau t’erdiko txapela irabazteko.

Su-Berri Txapelketako finalistak[/caption]

Bengoetxeak ez zuen aukerarik izan, parean joko aldetik une ezinhobean dagoen Aimar Olaizola izan baitzuen parean. Goizuetarrak defentsa izugarria egin eta tantoak amaitzerako orduan asmatu egin zuen. 13-12ko emaitzara arte partida parekatua izan zen, baina leitzarrak hainbat akats egin eta Olaizolak markagailuan alde egiteko aprobetxatu zuen eta 22-17 irabazi zuen. Bengoetxeak, beraz, ezin izango du hirugarrenez jarraian txapela eskuratu.

Barriolak ere aurkari zaila izan zuen parean. Buruz buruko finala galduta ere, Martinez de Irujok indartsu irten zen Zarauzko Aritzbatalde pilotalekura. Bengoetxea eta Olaizolaren arteko partidan bezala, erdialdera arte parekotasuna izan zen nagusi. Zazpina izan ziren, eta hortik 11-14kora pasa ziren. Handik aurrera, Irujok erakustaldia eman zuen, 12-22 irabaziz. Abelek zortzi pilotakada galdu zituen eta amaieran hori nabaritu zuen. Beraz, iberotarrak duela astebete galdutako txapelaren kolpetik errekuperatzeko aukera izango du aurkari beraren kontra.

Tolosa, finalera

Bestalde, Tolosak Herriarteko Pilota Txapelketako finala jokatuko du Bidegoiango taldeari irabazi ostean. Bigarren kanporaketan Bidegoian izan da irabazlea, jubeniletan (19-22) eta nagusien mailan (14-22) garaipena lortuz, baina tanto kopuruari erreparatuz (111-77), Tolosak lortu du azkenean finalerako txartela. Txapelketa hasi zenetik, Zumarraga, Berrobi, Hernani eta Bidegoian hartu ditu mendean Tolosak, eta 1975az geroztik iritsi ez den finalerako txartela lortu du. Urte hartan, Azkoitiaren aurka galdu zuen, eta aurten, Oiartzun izango du aurkari. Kadeteen mailan, Egiguren eta Peñak osatutako bikoteak jokatuko du; jubeniletan, Mujika eta Beloki izango dira; eta senior mailan, berriz, Mujika eta Errazkin. Finalak, igandean izango dira Donostiako Atano frontoian.

Su-Berri txapelketako finalak

Su-Berri txapelketako finalak jokatu ziren herenegun Irurako Ametsa trinketean. Lehen eta promozio mailako bi finaletan lehenengo jokoa oso borrokatua izan zen, 15-14ko emaitza egon zelarik. Baina bigarren jokoan txapela lortu duten bikoteek hasieran aurreratzea lortu zuten eta amaiera arte lortu zuten beraien tartea mantentzea. Lehen mailan, Evaristi eta Housset izan dira garaile, Etchelecu eta Saez mendean hartu ostean. Etorkizunekoen mailan, Irazustabarrena eta Contin izan dira hoberenak, Huizi eta Anduezaren aurretik. Antolatzaileak oso gustura agertu dira lehen edizio honekin, eta datorren urtean errepikatzeko asmoa dutela adierazi dute.

Patxi Jauregi, presidente

Patxi Jauregi izango da Euskadiko Pilota Federazioko lehendakaria. Alegiarrak 86 boto jaso ditu hauteskundeetan, eta Fernando Azkaratek, berriz, 63 boto. Bestalde, Alegiako III. Pilota Txapelketako bigarren finalerdiak jokatu dira asteburuan. Kadeteetan, Oiarbide eta Aizpuruk 22-19 irabazi zuten Iturbe eta Salegiren aurka. Nagusien mailan, Artola eta Tolosa izan ziren garaile, Azpiri eta Arratibelek osatutako bikotearen aurka, 22-16ko emaitzarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!