Patxi Amantegi: «Zakarrak jasotzeko moduen auzi honek bere funtsa galdu duela uste dut»

Tolosaldeko Ataria 2013ko uzt. 2a, 10:00

Patxi Amantegi, Tolosaldea Txukuneko bozeramailea

Atez atekoaren inguruko galdeketak gertutik jarraitu ditu Patxi Amantegik, Tolosaldea Txukun plataformako bozeramaile izatea tokatu baitzaio. Anoetan, Iruran eta Amasa-Villabonan herri galdeketak antolatu ditu Tolosaldea Txukunek, eta balantzea egiterako garaian, autokritikarako tartea hartu du Patxi Amantegik.

Patxi Amantegi[/caption]

Asteburuko galdeketen inguruan, zein da Tolosaldea Txukunen balantzea?

Parte hartzea nahi baino baxuagoa izan da, eta galdeketak egiten goazen heinean are gehiago jaitsiko dela uste dut, egoera gero eta nahastuago eta gaiztoagoa baitago; jendeak ez du joan nahi. Gainera, kontuan izan behar da galdeketak egin ditugun herri hauetan atez atekoa ezarri dutela jada; beraz, jendeak pentsatuko du, «zertako gehiago liskartu?; ez dauka atzera bueltarik», eta hori da jendeak sumatzen duena. Udal guztiek kanpaina gogorra egin dute azken aste honetan, jendea desmobilizatu dute, bozkatzera joateko arrazoiak eta gogoa kendu diete, beldurtu egin dituzte… Mila kasu egongo dira.

Ez al da joan dena urrunegi?

Bai, gezurra dirudi. Zertaz ari gara? Zakarrak jasotzeko moduez, eta nire ustez galdu egin da funtsa. Guk gaixotutako gizartea esapidea erabili izan dugu. Hemen izan dira mila hildako eta… eta inor ez da kalera atera. Orain zakarren kontuarekin ari gara erabat mobilizatzen. Hau zer da? Nik uste dut edalontzia gainditzen duen tanta dela. Jendeak adar jotze moduan hartu du hau, izan ere, inposizio asko daude: zergak igotzea, abiadura handiko trena,… Baina hau, jendeak ulertu eta onartu ez dituen modu eta argudio batzuekin iritsi da, eta herritarrek irain moduan hartu dute. Gainera, plataformako kideoi herrietan ere, ez digute inongo kasurik egin; lekuetara joan garenean argazkia ateratzea bakarrik joan gara, eta erabiliak sentitzen gara. Auzi honek hasieratik beste modu batera hasi behar zuen. Nire ikuspuntutik behintzat, eta datuak argi erakutsiz gero, hau ez zen honaino iritsiko, alkateek ere atzera egingo zutelako. Izan ere, sistema ez da sostengatzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako argudioak ez dira egiazkoak eta.

Ordizian ikuskaritza bai, Tolosaldean ez...  Zer gertatu da hor?

Ni bozeramailea naiz, eta herri bakoitzean erabakitakoa helarazten dut, ados egon ala ez egon; herri bakoitzak berea antolatzeko aukera dauka, eta baita eskubidea ere. Ordizian, kazetariei eta politikari guztiei utzi diete sartzen, baina hemen arau batzuk jartzea erabaki zuten: bozketan ateratako emaitza onartzen ez zuten politikariak ez zirela bertara sartuko. Gero, ordea, milaka trikimailu egin dituzte, mahaietan presentzia izateko, eta hor sortu dira iskanbilak. Alderdi politiko moduan arau horiek ez onartzea erabaki dute, baina herritar gisa sartu nahi izan dute, eta ezezkoa esan diegu.

Eta kazetarion aurkako jarrera hori? Amasa-Villabonan kanporatuak izan ziren modu txarrean.

Zizurkilen sortu zen arazoa, izan ere, ez genuen oztoporik jarri eta jende guztiari sartzen utzi genion. Sekulako iskanbilarekin topo egin genuen, eta inozoen moduan geratu gara. Berriro gauza bera ez gertatzearren, ordaindu behar ez zutenek ordaindu dute, eta barkamena eskatzen diegu. Azken finean, horrelako egoeretan gauzak gaizki egiten dira, noski baietz, eta presio egoera horretan, ez dugu buru hotzarekin jokatzen asmatu.

Boto delegatuan aldaketa egon da Zizurkildik asteburu honetara.

Baina ez du ezertarako balio izan. Ahalik eta zorrotzen jokatu dugu, baina ezin izan dugu guztia behar bezala berretsi. NANaren fotokopia eskatu genuen, eta nolabait behartuta geunden trabak jartzera; jarriko ditugu, baina aurreko bozketako egoera bera zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!