Tolosaldea Txukunek hiru herritan galdeketak antolatu zituen asteburuan, atez ateko hondakin bilketa sistemaren inguruan. Amasa-Villabonan, Anoetan eta Iruran parte hartzea %35 eta %40 bitartekoa izan dela esan dute plataformatik. Guztira, 2.600 bozka inguru zenbatu dituzte, eta hauetatik 17 bakarrik izan dira atez atekoaren aldekoak, Tolosaldea Txukunek jakinarazi duenez.
Amasa-Villabonako atez atekoaren aurkako galdeketa[/caption]
Bilketa sistema berriaren aldeko herritarrek, aldiz, euren zenbaketa egin dute, botoa ematera joan diren herritarrak kontatuz. Datuak datu, gaiak sortzen duen hika-mika berriro ere agerian geratu da, bai asteburuan eta baita ondoren ere, balantzeak egiterako garaian.
Atez atekoaren aldeko plataformak oso kritiko agertu dira galdeketekin: «Botoa ematera joan diren asko ez ziren herritarrak, eta beste asko behin eta berriz sartu dira botoekin; ikuskaritza ukatu zaigu, eta prentsari ere sarrera debekatu diote; Zizurkilen eta asteburu honetan gertatua ikusirik, argi dago ez dutela sinesgarritasunik, hau ez da serioa». Irura, Anoeta eta Amasa-Villabonako plataformek atez atekoaren garaia dela aldarrikatu dute, eta «konfrontazioak» alde batetara uztea eskatu dute, garbi jokatzeko eskatuz.
Tolosaldea Txukuneko bozeramaileak, Patxi Amantegik, partaidetza nahi baino baxuagoa izan dela esan du. Herri galdeketek, gainera, beherako joera izango dutela aurreikusten du Amantegik, «egoera gero eta nahasiagoa eta gaiztoagoa delako». Gipuzkoa mailan, Legazpin herritarren %51 zenbatu zuen atez atekoaren aurkako bertako plataformak; Zizurkilen %41 Tolosaldea Txukunek, eta asteburuan, %35-%40 artean ibili dira parte hartze datuak.
Amasa-Villabonan, azkenik, uztailaren 7an jarriko dute atez ateko sistema «mixtoa». Organikoa, ontzi arinak eta errefusa bilduko dira soilik atez ate; beira, papera eta kartoia, pilak eta arropa, berriz, orain artean bezala, edukiontzien bitartez.
Datuak
Tolosaldea Txukun
Amasa-Villabona. 1.625 boto, erroldaren %36.
Anoeta. 498 boto, erroldaren %35.
Irura. 464 boto, erroldaren %40.
Atez atekoaren aldeko herri plataformak
Amasa-Villabona. 1.533 herritar, erroldaren % 35.
Anoeta. 445 herritar, erroldaren %31.
Irura. 441 herritar, erroldaren %35.