Asteasuko kuadrillek jaietako egun handia ospatuko dute

Ataria 2013ko ekainaren 28a

Asteasuko jaietan kuadrilla eguna ospatuko dute gaur, eguerditik aurrera. Lehenik eta behin, mahaiaren inguruan eseri, eta elkarrekin bazkalduko dute. 18:00ak inguruan altxako dira mahaitik, Incansables txarangaren doinuekin. 19:30ean ikurrinaren aldeko ekitaldiaren txanda izango da, ondoren berriro mahaiaren bueltan esertzeko. Kasu honetan, herri afariaren egingo dute kuadrillek. DJon-en musikarekin emango diote egunari amaiera.

Bi txupinazo

Asteasuko jaien barruan bi txupinazo bota zituzten atzo, lehena, haurrei zuzendua, eta bigarrena,  Sorginaren jaitsiera iragartzeko bota zutena.

Goizeko txupinazoarekin batera haurrak korrika hasi ziren, izan ere, Haurren Krosa une horretan hasi zen. Parte hartzaile guztiei dominak banatu ondoren, mahaiak eta aulkiak ipini, eta marrazten  jarri zituzten Asteasuko txikiak. Bi lehiaketa hauen ondoren, frontoiko ateak zabaldu zituzten. Bertan, puzgarriak, dantzarako makina, zezena... zain zeuden. Korrika batean sartu ziren pilotalekura txikiak, eta 14:00ak arte bertan egon ziren jauzika eta dantzan. Nahikoa izerdi bota ondoren, bazkaria eta sari banaketa ekitaldien txanda iritsi zen. Makarroien eta oilaskoaren ondoren, berriro frontoira, haur parkean arratsaldeko saioa egitera. Txikienei zuzendutako egitaraua ez zen hor amaitu, gaztetxoenekin batera, karaokea jarri baitzieten arratsaldean. Pilota partiden amaieran etorri zen Sorginaren jaitsiera, eta atzoko bigarren txupinazoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!