Zizurkilgo galdeketako irregulartasunak normaltzat jo ditu Tolosaldea Txukunek

Tolosaldeko Ataria 2013ko eka. 28a, 10:37

«Herritarrek antolatutako herri galdeketa izanik, iruzurra egiteko bideak ditu. Baina Zizurkilgo kasuan, tranpa guri egin digute». Patxi Amantegi, Tolosaldea Txukun plataformako bozeramalearen hitzak dira horiek.

Amantegiren esanetan, herritarrek udal batek izan ditzakeen baliabide teknikoak ez dituztela ikusita, «tranpa» egiteko bide estu batzuk daudela salatu du, eta zilegitasun osoa duten galdeketak egitea «udalei» dagokiela aldarrikatu du.

Era berean, galdeketaren garbitasuna defendatu dute, bai Amantegik, baita Patxi Agirrek ere: «Notario batek ikuskatzen du dena, galdeketa onartzen duten alderdi guztiak bertan daude, akta zabal bat egiten da, eta gauean kutxen zaintzarako zerbitzu bat kontratatzen zaio enpresa bati».

Hori dela eta, Zizurkilgo datuak «baloratu beharrekoak» direla azpimarratu dute biek. «Jende askok hartu zuen parte, eta oso balorazio positiboa egiten dugu. 990 boto jaso ditugu».

Asteburuan berriro

Zizurkilen bezala, Amasa-Villabonan, Anoetan eta Iruran atez atekoaren inguruko galdeketa egingo du Tolosaldea Txukunek bihar eta etzi. Villabonaren kasuan, Gurea antzokian egingo da; Anoetan parroki etxean, eta Iruran, berriz, udaletxearen azpian. Alegian, ordea ez dute antolatu. Amantegiren esanetan, «atez atekoaren aurka dagoen jendea ez mobizilizatzea lortu du udalak, presioa egin eta beldurtuz».

Amantegik, bozkatzera joateko deia egin du. «Bertaratzea eskertuko genuke, horrela bozketa are eta garbiagoa litzateke». Horrez gain, Zizurkilgo galdeketak sortutako polemika dela eta, hainbat neurri hartuko dituzte eta boto delegatua eraman behar duten horiei, NANaren fotokopia eskatuko diete. «Ez dugu nahi arazo gehiago, herritarrek beren iritzia espresatzea besterik ez dugu nahi».

Bestalde, herritar talde batek ikuskaritza lanak egiteari uko eman izana defendatu du: «Oinarrietan argi diogu, galdeketaren alde dagoen alderdi orok duela bertan egoteko eskubidea. Koerentziagatik ezin dugu onartu galdeketa iruzurtzat jotzen duten herritar horiek bertan egotea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!