Gaztetxoek tarte berezia izango dute KMK egunean, Erronkaren bidez

Ataria 2013ko ekainaren 28a

Gipuzkoako ikastola bakoitzak talde bana izango du, talde lana eta abilezia eskatuko dituzte probetan

Uda ondoren, urriaren 6an Tolosan ospatuko duten Kilometroak festan, egitasmo berritzailea izango da aurten lehenengoz, eta gaztetxoak izango dira, bertan, protagonista. Erronka izena hartu du proiektuak, eta Laskorain ikastolako antolatzaileek aurtengo KMK jairako zehazturiko helburuei begirakoa da: «Zirkuitu dinamikoa nahi izan dugu hasieratik, eta horra iristeko bideetako bat da Erronka», azaldu du Unai Igartuak. Honez gain, gazteen droga eta alkohol kontsumoa zaintzeko, aurten bereziki zehaztu eta landuriko helburuetara ere begiratuko dute Erronkarekin.

14 eta 16 urte bitarteko gazteak izango dira Erronka aurrera eramango dutenak, eta Tolosan izango da egitasmoa, urriaren 6an. Lehia taldekakoa izango da, ordea, eta maiatza osoa baliatu dute Laskoraingo kideek, proiektua Gipuzkoa osoan aurkezteko.

Horrela, Gipuzkoan DBH maila eskaintzen duten 24 ikastoletako ikasleei erronka bota diete Laskoraingo neska-mutilek, ikastola bakoitzak talde bana sor dezan. «Jada 20 taldek eman dute izena, eta Kilometroak egunean protagonista izango diren ehunka taldeez gain, milaka izango dira Erronka bizi, animatu eta bultzatzen», gaineratu du Aitor Elduaienek.

Aipatzekoa da, talde bakoitzak 8 kide izan beharko dituela, eta beste bi lagun ere izendatu beharko dituzte, azken orduan aldaketaren bat egin behar izanez gero; erdiak neskak izango dira, eta beste erdiak mutilak.

Erronkako ibilbide eta probetan gaztetxoak gidatu eta aholkuak emateko, kapitainak ere izango ditu talde bakoitzak; kapitain bat ikastola horrekin zerikusi zuzena duen norbait izango da, eta beste kapitaina, berriz, herrian ezaguna den norbait izango da. Modu honetara, Laskorain ikastolako antolatzaileek argitu dute jada, Edurne Pasaban izango dela, Tolosako taldearen kapitainetako bat; bera da, hain zuzen, protagonista, Erronkako azken bideoan.

Gazteen abilezia, gakoa

KMK 13ko antolatzaileek nabarmendu dutenez, «Erronkako probak zorrotzak izango dira oso: estrategia, taldean lan egitea, buruz azkarrak izatea, indarra izatea, erabakiak hartzeko ahalmena nahiz eskulanetan trebeak izatea beharrezkoa izango da».

Hau guztia azpimarratu dute, izan ere, Kilometroak eguneko ibilbidean barrena hainbat proba egin beharko dituzte Erronkako parte hartzaileek. Baltsak eraiki eta Oria ibaian behera jaistea izango da bata; burbuila erraldoi batean sartu eta Berazubi estadioan oztopodun lasterketa egin beharko dute gero; lasto fardoen gainean kapitaina garraiatuz ere beste lasterketa bat egin beharko dute San Blas auzoko zelaietan; laugarren proban mosaikoa memorizatu eta eskala erraldoian berregin beharko dute Iurreamendiko zelaietan; azkenik, lokotx-biltze bertikala egin beharko dute, Zumardiaundi gaineko autobideko zubiaren zutabeetan gora eskalatuz.

Egindako esfortzuaren truke, Erronkako irabazleentzat izango da saririk, eta Ahora! bandera eskuratzen duen lehen taldeak dirutan jasoko du saria: «2.000 euro irabaziko dituzte, ikasturte amaierako bidaia finantziatzeko»; Tolosa & Co elkartearen eskutik, txartelak ere banatuko dizkiete, dendetan erabiltzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!