Atez ateko bilketa sistema uztailaren 7an hasiko da Amasa-Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2013ko eka. 28a, 08:29

Igandean bi aste beteko dira Irura, Anoeta, Alegia eta Zizurkilen atez ateko hondakinen bilketa sistema ezarri zutenetik. Amasa-Villabonan, berriz, arazo teknikoak medio, ezarpena atzeratzea erabaki zuen udalak. Bada, orain badu data sistema berriaren hasierak: uztailaren 7an, San Fermin eguna, izango da.  Horixe eman zuten jakitera atzo Amaia Azkue, Mankomunitateko lehendakariak eta Galder Azkue, alkateak.

«Herriari egokitzen den eredu mistoa» izango dute billlabonatarrek. Organikoa, ontzi arinak eta errefusa bilduko dira soilik atez ate; beira, papera eta kartoia, pilak eta arropa, berriz, orain artean bezala, edukiontzien bitartez. «Sei hilabete pasa ondoren balorazioa egingo dugu eta herritarren iritziak kontutan hartuta aldaketak planteatuko ditugu», azaldu du Amasa-Villabonako Alkateak.

Gaur egun, billabonatar batek, gutxi gora behera urtean 257 kilo zabor botatzen ditu. Sistema berriarekin, 70 kilora murriztea da asmoa, eta hori «atez atekoarekin soilik» lortzen dela azpimarratu du Amaia Azkuek.

Bestalde, asteazkenean hasi zen bilketarako beharrezkoak diren ontzien banaketa, bide onetik doala adierazi du alkateak: «herritar asko hurbildu da eta orain arte ontzien erdia baino gehiago banatzea lortu dugu».

Alkateak, «pozik» dagoela aitortu du: «Hauteskundeak irabazi genituen programa martxan jartzeko eta hondakinen arazo larriari irtenbidea emateko beste pausu bat da. Arazo honi ardura politikotik eman behar zaio irteera eta horretan gabiltza».

Birziklapen datuak iraultzen

Eskualdeko herrietan atez ateko bilketa sistema ezarri denetik birziklapen datuak pixkanaka «iraultzen» ari direla azpimarratu du mankomunitateko ordezkariak.

Bi aste hauetan, Anoeta, Irura, Alegia eta Zizurkilen 21.000 kilo hondakin bildu dira. Horietatik, %16 ontzi arinak dira, %25 papera eta kartoia, eta %15a errefusa.

Baina mankomunitateak, organikoaren bilketa azpimarratu nahi izan du. «Atez atekoarekin lehen aldiz hasi gara organikoa biltzen eskualdean. Hau oso garrantzitsua da, izan ere, gure zabor poltsaren %40 da». Aipatutako lau herrietan orain artean bildu dena aldiz, %45era igo da.

Gainera, atez ateko sistemaren aldeko apustua egin duten lau herri horietan 257 familiak hartzen dute parte autokonposta eta auzokonpostaren bitartez organikoa eurek kudeatzen. «Ohiko sistematik ateratzeak duen garrantzia nabarmena izan da, eta ondo egiten ari garenaren seinale da», esan du Amaia Azkuek.

Atez ateko sistema ezartzearena «arduraz hartutako erabakia» izan dela azpimarratu du Azkuek. «Eskualde osasuntsu eta jasangarriago bat eratzea dugu helburu, eta horrela jarraituz gero lortuko dugu. Baina horrela izan dadin, herritarren konpromisoa nahitaezkoa zaigu».

Galdeketagatik kezkatuta

Bestalde, asteburu honetan bosgarren edukiontziaren aldeko plataformak, Tolosaldea Txukunek, deitutako herri galdeketaren formulak kezkatu egiten duela onartu du Galder Azkuek: «Guk kontsulta guztiak ontzat ematen ditugu, gure ereduen tartean baita herritarrek iritzia emateko eskubidea izatea. Baina galdeketa honen planteamendua arduragabekeria bat da. Zizurkilgo galdeketan ikusi zen, eta horrek kezkatu egiten nau, herritarren hitza gauza serioa baita».

Herritar talde batek ikuskaritza lanak egiteko eskaerari Tolosaldea Txukunek uko egin ostean, kritiko azaldu da Azkue: «galdeketak positiboak diren heinean iruditzen zait ez direla manipulatu behar eta inongo bermerik gabe egin behar. Galdeketa kontzeptu bezala ona da, baina hondakinen kasuan ez zaigu iruditzen horrek arazoak konponduko dituenik. Horretarako politika egin behar da eta horretara deitzen ditugu oposizioko alderdiak».

Ezaugarriak

Atez ateko bilketa Amasa-Villabonan

Hasiera data. Uztailak 7.

Astelehena. Ontzi arinak.

Asteartea. Materia organikoa.

Asteazkena. Errefusa.

Osteguna. Ontzi arinak.

Ostirala. Materia organikoa.

Igandea. Materia organikoa.

Ordutegia. Neguan 20:00etatik 06:00etara; Udan, 21:00etatik 06:00etara. Dena den, kamioien ibilbidea ezagutzean, ordutegia moldatu ahal izango da.

Gainontzeko hondakinak. Papera eta kartoia, beira, arropa eta pilak, edukiontzi bitartez jasoko dira.

Pixoihalak eta konpresak. Egunero bota ahal izango dira larunbatetan izan ezik.

Zizurkilgo galdeketako irregulartasunak normaltzat jo ditu Tolosaldea Txukunek

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!