Tolosaldeak Donostiarekin lotura hobetuko du autobus bidezko garraioan

Ataria 2013ko ekainaren 28a

Tolosaldeak, zehazki Tolosak eta Amasa-Villabonak, Donostiarekin duten autobus bidezko loturan izan diren aldaketak aurkeztu dituzte. Zuzeneko zerbitzua indartuko da, ordu erdiro izango baita Tolosatik abiatuz eta Amasa-Villabonan bakarrik geldituz Donostiarainoko zuzeneko autobusa. «Bost minutu gehiagoko bidaia izango da, baina maiztasuna izugarri handituko da. Tolosatik ordu laurdenero autobus bat aterako da», zehaztu du Ibai Iriarte Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eta Tolosako alkateak.

Bigarren hobekuntza Donostiako ospitaleen eremuarekin izango den lotura da. «Bertako langileek eta erabiltzaileek egindako eskaera izan da», zehaztu du Iriartek. «Orain arte Donostiako ospitalera joan nahi zuen orok, hiriko erdigunera joan behar zuen eta bertan autobusez aldatu. Zerbitzuaren aldaketarekin egunero sei aldiz  iritsiko da ospitalera, eta beste zerbitzuetan Errekalden geldiunea egingo dute, bertan autobusez aldatzeko aukera izateko». Ospitaleen guneetatik itzultzeko bost autobus izango dituzte erabiltzaileek Tolosalderantz etortzeko.

TSST autobus konpainiak ematen duen zerbitzuaren aldaketa horiek uztailaren 1etik aurrera jarriko dira martxan. Iriartek azaldu duenez, aldaketa horiekin «zerbitzu publikoa bultzatzen» da eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman dizkio, «elkarlanean gure ekarpenak jasoz egin dituztelako aldaketa hauek». Iriartek gaineratu duenez, «zerbitzu publikoa indartzearekin jasangarritasunean pauso bat ematen dugu, eta jendea animatzen dugu garraio publikoa erabili dezaten, gero eta jende gehiagok erabili, orduan eta zerbitzu hobeagoa eman ahal izango dugulako».

Galder Azkue Amasa-Villabonako alkatea ere agerraldian izan da eta autobus zerbitzuan aldundiak egindako aldaketak eskertu ditu: «Badira urte batzuk gure herria eta Donostia zuzenean lotuko lituzkeen zerbitzua izateko eskaera dagoela herritarren partetik, eta orain zerbitzu hori martxan jarriko denaren berri eman dezakegu». Herritarren behar horiek betetzeko moduko zerbitzu bat diseinatzeagatik ere eskertu dio aldundiari.

Tolosaldekoa, urte amaieran

Unai Erroizenea aldundiko Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko zuzendari nagusiak esan duenez, zerbitzuaren aldaketekin  «aldunditik berretsi egiten dugu garraio publikoaren alde egiten ari garen apustua». Eguneroko mugikortasunean «herritarrek dituzten beharrei» erantzuten dute aldunditik neurri horiekin. «Eskualde barneko eta eskualdeen arteko mugikortasun beharrei lehentasuna eman behar zaie», gaineratu du Erroizeneak .

Tolosaldearentzat aldaketa horiek «garrantzitsuak» direla esan du Erroizeneak. «Epe luzera ere garrantzitsua izango da, Tolosalde barruko emakida berriari dagokionez. Uztaila eta abuztua bitartean proiektua onartu eta lizitazioa martxan jarriko da, eta urte bukaerarako zerbitzu berria martxan egon beharko luke».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!