Aitor Aldalurrek Lleidan jokatuko du datozen bi denboraldietan

Ataria 2013ko ekainaren 28a

Aitor Aldalur tolosarrak Lleidan jokatuko du hurrengo bi denboraldietan. Realeko harrobian hazi eta hezitako futbolariak, duela bi urte eman zion amaiera talde txuri-urdineko ibilbideari eta orduz geroztik Amorebietan jokatzen aritu da. Talde bizkaitarrarekin maila ona eman eta hainbat talde garrantzitsuren arreta piztu du Aldalurrek.

Pasa den denboraldian, Amorebietak lehenengoz bigarren B mailan jokatzen zuen denboraldian, bigarren mailarako igoera fasea jokatzea lortu zuten denboraldi ona egin ostean, nahiz eta ondoren ez zuten saririk lortu. Aurten, berriz, seigarren izan da. Bi urte hauetan, Intxaurraga entrenatzaileak hasierako hamaikakoan sartu izan du.

Erakutsitako mailak bide berriak ireki dizkio. Athletic  B edota Eibar taldeen eskaintzak jaso arren, Lleidara bidaiatzeko hautua egin du 21 urteko gazteak, eta bertan izango da bi urtez. «Asko pentsatutako erabakia» izan bada ere, «oso pozik» da Aldalur. «Kalitate jauzi bat da. Lleidak aurten apustu garbia egingo baitu bigarren mailara igotzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!