Autoak gogoko dituztenen topaleku bilakatuko da Ibarrako plaza bihar. «Prestaturiko» 100 auto inguru jarriko dituzte bertan, eta horiek ikustearekin batera, musika eta zozketak izango dira. maskarreras.com webguneak antolaturiko III. KDD Maskarreras ekimenaren barruan kokatzen da Ibarrako topaketa.
09:00etan hasiko dira autoetako jabeak euren altxorrak bertan aparkatzen. Aurtengoan, 100 auto inguruk osatuko dute erakusketa. Antolatzaileak «oso gustura» daude, urtetik urtera parte hartze kopurua handituz joan delako: «Lehenengo urtean 50 auto elkartu ziren, iaz 70, eta aurten 100 inguru izango dira; Ibarrako plaza bete-beterik egongo da, beraz, oso pozik gaude», azaldu du Egoitz Prieto ekimenaren sustatzaileak. Gainera, parte hartuko duten auto bakoitzean bi edo hiru lagun etortzea Ibarrara espero dute, ondorioz, jende ugari bilduko da plazan.
Autoek badute komunean ezaugarri bat, guztiek abiadura eta indar handia ematen dizkien zaldi ugari dituztela: «Prestaturiko kotxeak dira, bereziak, eta era askotarikoak, klasikoak izan daitezke edota baita rallyetakoak ere». Era berean, ekimenean parte hartuko duten autoetako jabeek ere badute komunean ezaugarririk, guztiek dituztela oso gustuko autoak.
Autoen erakusketarekin batera, DJek jarritako musika izango da entzungai plazan, eta zozketak ere egingo dituzte bertaratzen direnen artean. Halaber, kamisetak ere jarriko dituzte salgai, eta ateratako dirua Minbiziaren Aurkako elkarteari laguntzeko bideratuko dute.
Bazkalordura arte plazan egongo dira, eta ondoren, Alegiara joango dira bazkaltzera. 150 lagun inguruk parte hartuko dute bazkarian, eta arratsaldean Tolosako Karting-era joango dira. Han, elkarren arteko lehiak izango dituzte, eta irabazleentzat sariak banatuko dituzte.
Prietok azaldu duenez, «Ibarran autoekiko afizio handia dagoelako» hasi ziren duela hiru urte ekimena antolatzen. «Mundu honetan ibiltzen direnak elkar gehiago ezagutzea eta ingurukoak ez direnek herria bera ere ezagutzea da helburua». Hala, autoak gustuko dituzten oro animatu dute parte hartzera.
Ekitaldietan parte hartu nahi dutenek edota ekimenaren
inguruko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek maskarreras.com webgunera jo dezaketa edo kdd@maskarreras.com helbidera idatzi.