‘Crowdfounding’-a, Umamaren proiektu berria finantzatzeko bidea

Ataria 2013ko ekainaren 27a

Euskal gabon kanten moldaketekin osatuko dute hirugarren egitasmo hau bilduko duen diskoa

Gero eta gehiago dira, herritarren finantziazioaz aurrera eramaten diren proiektuak; crowdfounding-a deritzon sistema hau aukeratu dute, Juantxo Zeberio buru den Umama proiektuko hirugarren lana argitaratzeko. Gaur irekiko dute diru laguntzak emateko epea, eta 40 egunez zabalik izango da.

2003an plazaratu zuten, lehenengoz, Umama egitasmoa, Umama!! diskarekin, eta 2007an bigarren lana iritsi zen. Juantxo Zeberio piano jotzaile eta musikagileak sorturiko proiektua da, eta besteak beste, abesbatza eta jazz laukotea uztartuta sorturiko lana da.

Hirugarren diskoa honetarako, Eguberri Umama- Basque Christmas Songs titulua aukeratu du Zeberiok: «Txiki-txikitatik etxean eta kalean entzun eta abestu ditudan gabon kantak hartu ditut lehengai gisa; moldaketak egin eta neronek entzun nahi nituzkeen moduan grabatzea da asmoa, zuzeneko emanaldiak ere eskainiz».

40 eguneko ‘crowdfounding’-a

«Gaur egun bizi dugun egoera ikusirik, crouwdfounding sistema hautatu dugu proiektua finantziatzeko, Verkami plataformaren bidez», dio Juantxo Zeberiok.

Finatziazio sistema honetan, proiektuko arduradunek nolabait saritzen dituzte egitasmoaren alde diru kopuru bat eman duten guztiak, disko, sarrera eta halakoekin. Guztira, 6.000 euro eskatzea erabaki dute, eta gaurtik hasi eta 40 egunez lagundu ahal izango da Eguberri Umama proiektua. Crowdfounding-ean bildutakoa honako gastuetarako erabiliko dute, besteak beste: Elkar estudioen alokairua diskoa grabatu, nahastu eta masterizatzeko; soinu teknikarien soldatak; musikariak ahal den neurrian ordaindu; 1.000 diskoren kopia fisikoak nahiz diskoaren diseinua; .

Zeberio zuzendariak azaldu duenez, «eskatutako kopuruak ez du egitasmo guztia finantziatuko», eta bestelako finantziazio bideak ere irekitzen saiatuko dira. 40 egun hauetan abesbatza musika eta jazza uztartzen dituen lan hau diruz lagundu nahi duen edonork, www.verkami.com web ataria bisitatu beharko du, eta bertan Eguberri Umama proiektua bilatu.

Herritar orori zabaldutako finantziazio sistema den arren, arduradunak bereziki gogoratu dira aurreko Umamaren diskoak gustuko dituztenekin, abesbatza nahiz jazz musika maite dutenekin, eta baita Eguberrri Umama diskoa esku artean izan nahi luketenekin ere.

Horren harira, eta oraindik errepertorioa behin-behinekoa den arren, dagoeneko hainbat kanturen moldaketak eta partiturak bukatu ditu Juantxo Zeberiok: Ator-Ator, Noel-Noel, Mesias Sarritan, Oi Betleem, Santus, Elurra mara-mara, Izar baten gainean, Orbelak airez aire, Aleluya eta Izar txuri-txuri bat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!