Pasaka partidak jokatuko dituzte etzi, Aresoko frontoian

Ataria 2013ko ekainaren 27a

Pilota jaialdi bereziaz gozatu ahalko da Aresoko pilotalekuan etzi arratsaldean, San Pedro jaien barruan. Izan ere, garai batean pilotaleku horretan jokatzen ziren pilota modalitateak gogoratuko dituzte, eta pasaka partidak izango dira ikusgai.

Forma berezia du Aresoko frontoiak. Oso luzea da, eta frontis txiki bat du alde batean. Herriko zaharrenek jakingo dute, euren begiez ikusia dutelako, baina gazteek ez dakite garai batean errebotean, bote luzean nahiz pasaka aritzen zirela bertan pilotariak. Hain zuzen ere, horregatik, erabaki du Aresoko Udalak jaialdi berezi hori prestatzea: «Antzina Areson jokatzen ziren pilota modalitateak errekuperatu eta ezagutarazteko».

Pilotaren modalitate zaharrenak direnak luzean jokatzen dira, hau da, aurkariak aurrez aurre daudelarik, tenisean bezala, eta kantxa sare batez erdibiturik dagoela.  Lau aldaeretatik zaharrena bote luzea da, esku hutsez jokatzen dena; errebotea eskularruz edo xisteraz jokatzen da;  laxoa, eskularruz, eta pasaka trinketean eta eskularruz edo esku hutsez.

Bada, pilota jaialdia hasteko, euskal pilotaren modalitate zaharrenak direnen inguruan hitz egingo du Joxe Mari Mitxelenak, 17:00etan. Eta pilotaren inguruan zertxobait gehiago ikasi ostean, pasaka partidak ikusteko aukera izango da, 19:00etan. Lehendabizi eskularruekin jokatuko dute pilotariek, eta ondoren, esku hutsez. Bote luze partidak ere jarri nahi zituen udalak, baina ez da posible izan, ez daudelako pilotari asko jokatzen dutenak, eta une honetan txapeketak jokatzen ari direlako. Beraz, partida horiek aurrerago egingo dituztela azaldu dute.

Pilotazaleek aukera polita dute gurean hain ezagunak ez diren pilotan jokatzeko moduak ezagutzeko etziko jaialdian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!