Turismo aktibo jasangarriaren lehen azoka hartuko du Txindokiko Itzalak

Ataria 2013ko ekainaren 26a

Larraitzen kokaturiko Txindo- kiko Itzala naturgunean egingo dute ekainaren 28tik 30era turismo aktiboa, natura eta iraunkor- tasuna lotzen dituen lehenengo azoka. Eragile publiko eta pribatu, gazte eta familientzako topaketak izango dira etzitik igandera. Antolatzaileen esanetan, «ingurumena errespetatuz turismo esperientzia iraunkorrak zabaltzea» da azokaren helburu nagusia.

Hainbat arlotako kirol jarduera, tailer, erakusmahai eta ikuskizunek beteko dute hiru egunetako agenda. Etzi, eragile publiko zein pribatuentzat Abaltzisketako Goibegi kultur etxean egingo diren jardunaldiak, esaterako, turismoa sustatzeko aukera berriak eta garapen lokalean eragiteko moduak ezagutaraztea izango dute xede. Bizibiziki enpresa arduratu da antolakuntzaz, Gipuzkoako Foru Aldundia, Tolosaldea Garatzen eta Goiturren laguntzarekin, besteak beste. Bada, interes handiko hitzaldi eta tailerrak izango dira, eta hizlariei dagokienez, gaian adituak direnak izango dira euren esperientzien berri ematen. Hala nola, Bertizko Partzuergoko zuzendaria, Izaskun Goñi; Santiago Santa Maria, Vertientes Aventura enpresako zuzendaria; Mikel Valdivielso, Ehunmiliak Ultra-Trail eta G2H Trail probetako antolakuntza burua; Niko Osinalde, Goierri Turismoko zuzendaria; eta Jakoba Errekondo, Zerain Proiektuaren teknikaria.

Aisia eta abentura

Bestalde, larunbatean, hilaren 29an, zenbait ekintza erakargarri eta berritzaileren bitartez, gaur egun turismo aktibo iraunkorrak eskaintzen dituen aukerak eta duten garrantzia ezagutaraztea izango dute helburu. Arratsalde partean, gehienbat Larraizko Zuhaitz Parkearen inguruan eskalada praktikatzeko gunea antolatuko dute. Begirale adituen laguntzaz, rokodromo, boulder eta zuhaitzetan eskalatzen aritu ahal izango dira azokara joaten diren guztiak, eta parte hartzaileen artean txapelketa bat ere egingo dute. Gainera, slackline praktikatzeko aukera egongo da, lurretik metro eta erdira jarritako zinta batzuen gainean oreka lantzeko ariketa erakargarria. Tolosako Skate Team taldearen laguntzarekin, berriz, patinetan eta longboard-ean ibiltzeko ikastaroak eta erakustaldiak egingo dituzte.

Egunari bukaera ezin hobea emateko, berriz, gauean bi kontzertu iragarri dituzte: Sen rock taldea eta Tristan Crowley jatorri irlandarreko kantautorea. Emanaldi bereziak izango dira, zuhaitzen gainean jarriko diren plataforma batzuen gainean ariko baitira musikariak.

Egun pasa familian

Txindokiko Itzala familian une atsegina igarotzeko gunea izanik, aurtengo azokarekin etxeko guztiak erakarri nahi dituzte antolatzaileek. Hala, igandean, egun osoan, turismo aktiboarekin eta kontsumo iraunkorrarekin erlazionatutako proposamen ugari antolatu dituzte, hainbat gune- tan banatuta.

Batetik, Kutxa EkoBira Kontsumo Iraunkorraren III. Azoka kokatuko dute Larraizko aparkalekuan. Produktu eta zerbitzu ekologikoak salgai egongo dira erakusmahaietan, eta guztietan «natura errespetatzen duen kontsumoa posiblea dela izango da ardatz nagusia». EkoBiraren barruan, zenbait tailerretan parte hartzeko aukera egongo da: altzariak material birziklatuekin egi- ten ikasi, xaboiak etxean nola egin, eta abar. Gainera, Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo zentroak material berrerabilie- kin txontxongiloak egiteko tailerra prestatu du umeentzat.

Bestetik, kirol eta abentura jarduerak izango dira bisitari guztientzat egun osoan: eskalada, arku tiroa, orientazio tailerra, zuhaitz parkea eta slackline. Era berean, argazkilaritza eta natura zaleentzako argazki rallya antolatu dute. Kasu honetan, egunean bertan eman beharko dute izena txapelketan parte hartu nahi dutenek. Horretaz gain, Larraitz inguruan egingo den gaztetxoentzako mendi lasterketa ere «dibertigarria eta interesgarria» izango dela esan dute ekimenaren bultzatzaileek.

Egun osoko ekintza guztietan parte hartu ahal izateko, Larrai- tzen kokatuko den informazio txokoan erosi beharko da sarrera, zortzi euroren truke.

Hortaz, eguraldia lagun bada, aukera paregabea izango da ingurune ezin hobean egun pasa polita egiteko asteburu honetan.

Egitaraua

Ekainak 28, ostirala.

Eragile publiko eta pribatuentzako jardunaldiak. Izena ematea (info@bizibiziki.com) derrigorrezkoa da. Gaur da azken eguna.

09:30-09:45. Ongietorria egingo dute Ekaitz Zubeltzuk (Bizibiziki), Joxe Luis Urdangarinek (Tolosaldea Garatzen) Ion Zubizarretak  Abaltzisketako alkateak.

09:45-10:15. Hitzaldia: Ekaitz Zubeltzuk (Bizibiziki) Txindokiko Itzala proiektuaren aurkezpena egingo du.

10:15-11:15. Hitzaldia: Bertizko Partzuergoaren esperientzia. Izaskun Goñi (Bertizko Partzuergoko zuzendaria).

11:15-11:45. Atsedena.

Ogi-Berriren eskutik, gosaria.

11:45-12:45. Hitzaldia: Santiago Santa Maria (Vertientes Aventura turismo aktiboko enpresaren arduraduna eta alkate ohia). Alquezar (Huesca) herriaren esperientziaren ezagutzea.Turismo aktiboaren garrantzia garapen lokalean.

12:45-13:30. Hitzaldia: Mikel Valdivielso (Ehunmilak ultra trail eta G2H trail probetako antolakuntzako burua) eta Niko Osinalde (Goitur Goierri Turismoko zuzendaria). Kirol ekitaldien garrantzia garapen lokalean.

13:30-14:00. Goizeko hitzaldien ondorioak: Olatz Ilarregi (Tolosaldea Garatzen).

14:00-15:00. Bazkaria. Lurlan eta Ogi-Berriren eskutik.

15:00-15:30. Hitzaldia: Jakoba Errekondo (Zerain proiektuaren teknikaria). Zeraingo esperientzia gertutik ezagutzeko aukera izango da.

15:30-16:30. Tailerra: Fagus Alkiza interpretazio zentroa eta Alkiza Giza-Natura proiektua.

15:30-16:30. Arratsaldeko tailerren ondorioak: Garbiñe Mendizabal (Tolosaldea Garatzen).

Ekainak 29, larunbata (Doan denentzat).

Abenturazko jarduera erakargarri eta berritzaileekin, gaur egun turismo aktibo iraunkorrak eskaintzen dituen aukerak eta duten garrantzia ezagutarazteko.

09:00-13:00. Arritzagako meatzetara irteera gidatua, Amezketako San Bartolome elizatik.

17:30-21:00. Abentura gunea. Eskalada: Eskalatzeko hiru modalitate: Bulderrak, Rokodromoa eta Zuhaitzetan eskalada. Txapelketa ere egingo da. Slackline: Zuhaitz batetik bestera zinta batzuk jarriko dira, lurretik 1,5 metrora, eta oreka lantzeko jokoak egingo dira.

17:30-21:00. Roller gunea. Patinak eta longboarda.

20:30-00:00. Kontzertuak zuhaitzen gainean: Tristan Crowley eta Sen.

Ekainak 30, igandea (Doan denentzat).

Natura eta aisia ulertzeko modu iraunkorrak badaudela ezagutaraztea izango da helburua. Familian igarotzeko ekintza ugari izango dira.

10:30-18:00. Kutxa Ekobira. Larraitzeko aparkalekuan kokatuko dira Ekobira azokako postuak: iraunkortasunarekin eta turismo aktiboarekin zerikusia duten produktuak, zerbitzuak eta tailerrak.

11:00. Haurren mendi lasterketa, 4 eta 12 urte bitartekoentzat.

16:00-18:00. Ibilbide irisgarriaren sekretuen jolasa. Haur eta familientzat.

10:30-18:00. Argazki rallya. Izen ematea egunean bertan.

10:30-18:00. Txotxongilo Tailerra. Birziklatutako materialarekin txotxongiloak egingo dira.

10:30-18:00. Parapentea.

10:30-18:00. Abentura gunea. Eskalada, Slackline, Zuhaitz Parkea, arku tiroa eta orientazio tailerra.

Ekainak 28-uztailak 1.

Tolosaldeko ikasleek bioaniztasunaren inguruan eginiko lanak Larraizko tabernetan ikusi ahal izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!