Zizurkilgo galdeketan EAJko hiru kidek «iruzurra» egin dutela salatu du EH Bilduk

Tolosaldeko Ataria 2013ko eka. 26a, 10:23

Pasa den asteburuan Tolosaldea Txukun plataformak Zizurkilen antolatu berri duen atez atekoaren aurkako herri kontsultan gertatutakoaren aurrean Gipuzkoako EH Bilduk «gogor» salatu du «iruzur politikoa» gertatu dela.

Koalizioak bi dokumentu grafikoren aipamena egiten du: «Argi eta garbi erakusten dute boto delegatuaren inguruan iruzurra nola egin den, kontsultaren emaitzak gizentzeko fartsa nola burutzen den, demokraziaren urrezko araua, pertsona bat boto bat zein lotsagabeki apurtzen duten. Iruzur demokratikotzat jotzen dugu, eta gertakari oso larritzat jotzen dugu faltsukeria hau».

EH Bilduk Egoitz Sorozabal eta Marian Lazkano Zizurkilgo zinegotzien eta Zorione Etxezarraga EAJko batzarkidearen dimisioa eskatu du, «herri ordezkari izateko zilegitasun guztia galdu dutelako».

«Bideoetan hirurak dira protagonista, hirurak dira iruzurgile. Ardura politikoak betetzen dituzte Zizurkilen eta Gipuzkoan», azaldu du EH Bilduk, eta gaineratu: «Ozen diogu iruzurgileek ez dutela tokirik gure herrietan ezta batzar nagusietan ere. Tranpa egiten dutenak, iruzurrak egiten dituztenak, herri borondateari gutxieneko errespetua ez diotenak ez dute tokirik ez politikagintzan, eta are gutxiago herrigintzan».

«EAJren eskua»

Gipuzkoako EH Bilduren hitzetan, «ustezko herri plataforma independente horren atzean EAJren eskua dago». «Zer ez dute egingo kontsulta batean eskua sartzeko prest dauden iruzurgileek? Zer egingo lukete hiru tranpati hauek gobernu ardurak balituzte? Kameren aurrean lotsagabeko herritarren borondatea bihurritzeko prest dagoenak zer ez luke egingo herritarron diruekin, herritarron proiektuekin, herritarron interesekin?», diote EH Bilduko ordezkariek.

Bestetik, EAJri exijitzen diote «argi dezala herritarren borondatearekin jolasean aritu diren bi zinegotzi horiek tokirik ote duten alderdian».

Hurrengo asteburuan deituta dauden herri kontsultak direla eta, herritarrei deia egin diete: «Irura, Anoeta eta Amasa-Villabonako herritarrek pasa den asteburuan Zizurkilen gertatukoa kontuan hartuko dutela espero dugu. Berriro ere EAJk deitutako herri kontsulta iruzurti horiei bizkarra emango dietela espero dugu».

Bukatzeko, «Zizurkilen erabili den herri kontsultaren eredua» ez dela berea esan du EH Bilduk, «iruzurrari bidea irekitzen diolako». Herritarren parte hartzearen alde daudela eta bultzatu egiten dutela gaineratu du koalizioak, «baina ez hondakinen kontuan bakarrik, beste gai batzuetan ere bai».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!