Euroagindua tramitatu gabe zegoela atxilotu dute Aranalde

Ataria 2013ko ekainaren 26a

Jokin Aranalde iheslaria aske gelditu zen atzo, epailearen aurretik pasa ondoren. Gazteluarraren abokatuak azaldu zuenez, euroagindua tramitatu gabe atxilotu zuten Aranalde, Espainiako gobernutik Aranalderen aurkako euroagindua indarrean zegoela zabaldu zuten arren. ETArekin lotura izatea egozten die Ibarran bizi zen gazteluarrari. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzakideak uztailaren 9an berriro Paueko epaitegira joan beharko du. Egun horretan, bere aurkako euroaginduaren afera argitzea aurreikusten da.

Jokin Aranalde herenegun atxilotu zuten Heletan (Nafarroa Behera), Frantziako eta Espainiako poliziek. Egun berean, Beñat Atorrasagasti lesakarra atxilotu zuten Urruñan. Nafarra Aranalderekin batera atera zen kalera atzokoan, gazteluarraren baldintza berdinetan.

Euskal Herritik 50 lagun inguru joan ziren atzo Paueko epaitegira, bi atxilotuei elkartasuna eta babesa azaltzera. 09:30ak inguruan eraman zituzten bi euskal herritarrak epaitegira. Epailearen aurrean egon ondoren, bi ordu beranduago kalean ziren, senide eta lagunekin. Pauen egondako herritarren esanetan, Espainiatik ez zen komunikabiderik gerturatu bertara. Aurrez, Jokin Aranalde hizpide izan zuten hainbatek, behin eta berriz, ekainak 15eko iheslarien agerraldiaren harira.

Ibarrako Udalak, Sortuk, udal langileek eta hainbat eragilek atxiloketa salatzeaz gain, herritarrei deialdietan parte hartzeko eskatu diete.

«Konponbide garaia da!»

Ibarrako Udalbatzak ohiko bilkura egin zuen atzo. Bertan, Jokin Aranalderen atxiloketa salatzeko herritarrek mozioa aurkeztu zuten. Bilduko hautetsien eta EAJko zinegotzi baten botoekin mozioa onarturik gelditu zen. PSE-EEren zinegotzia berandu iritsi zen bilkurara, eta bozketan ez zuen parte hartu. Alde batetik, konponbide garaia dela dio mozioak, eta «atxiloketa hauek herri honek duen konponbiderako gogoa eta beharra areagotzen ditutela». Bestetik, Jokin Aranaldek Euskal Herriaren alde «era naturalean» egindako lana azpimarratzen zuen.

Udalak bere aldetik, hiru puntu gehitu zizkion mozioari, besteak beste, herritar eta udaleko langile ohi gisa ahalik eta azkarren herrian aske uztea, eta atxiloketaren aurrean Jokin Aranalde eta bere senideei elkartasuna azaltzea. Azkenik, atxiloketen aurkako mobilizazioekin bat egiteko konpromisoa hartu zuten Bilduk eta EAJk, herritarrak deialdi hauetara gonbidatuz.

Ibarrako hainbat eragilek prentsaurrekoa eskaini zuten plazan, bilkuraren ondoren. «Konponbide garaia dela» berretsi zuten, eta aste honetako gertakariek bi estatuen estrategia agerian utzi dutela esan zuten: «Atxiloketak ekainaren 15ean Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak gatazkaren konponbidean emandako urratsari erantzuna dira. Espainiako eta Frantziako estatuek orain arte ematen dakiten erantzun mota da: errepresioa prozesu demokratikoa oztopatu nahian; errepresioa gatazkaren konponbidea ekidin nahian, eta errepresioa, euskal herritarron askatasun gosea zanpatu nahian».

Ibarrako gizarte eragileen esanetan, gatazkaren konponbidean ezingo da aurre egin iheslarien kolektiboa kontuan hartu gabe: «Gatazkaren konponbidean eragile aktiboa izan nahi dute, eta argi adierazi zuten haien arazoak egoera pertsonaletik haratago duela konponbidea, ihes egitera behartu zituzten arrazoiak gaindituz etorriko dena, alegia».

Gatazkaren konponbidean urratsak eman ahal izateko borondatea beharrezkoa dela adierazi zuten ibartarrek, «salbuespen neurriak indargabetuz, atxiloketak, euroaginduak eta estradizio eskaerak bertan behera utziz eta prozesu judizial antidemokratikoak guztiz baliogabetuz».

Jokin Aranalde atxilotzen duten lehen aldia ez dela gogoratu zuten Ibarrako eragile ezberdinek. Aurrez, 1967an eta 1968an atxilotu zuten gazteluarra, «eta baita biziki torturatu ere». Ondoren, 2002an berriro egoera beretik igaro zen Aranalde. «Handik hilabete gutxira, eta atxiloketa berri batzuen beldur zelarik, ihes egitea erabaki zuen», azaldu zuten prentsa agerraldian. Testuinguru horrekin batera, «Jokin Aranalderen jarduera politikoa gardena eta publikoa izan dela beti» argi utzi zuten, «bai Hegoaldean eta baita Iparraldean ere».

Azkenik, gaur arratsaldean Ibarrako plazatik irtengo den manifestazioan parte hartzeko eskatu zieten eskualdeko herritar guztiei, izan ere, «gure herriak gure beharra duelako nahita nahiez; norbanakotik kolektiborako bideak soilik lortuko baitu gatazkaren benetako konponbidea».

Deialdia

Garu, hilak 26

19:30. Eskualde mailako manifestazioa Ibarrako plazatik abiatuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!