Aburuza eta Arozena Su-Berri Txapelketatik at

Tolosaldeko Ataria 2013ko eka. 26a, 00:11

Anoetako Su-Berri pilota elkarteak antolaturiko Emakumeen Trinkete txapelketa abiarazi zuten iragan larunbatean, Irurako Ametsa trinketean. Euskal Herriko emakume trinketista onenak ariko dira txapelketan, guztira, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko 24 pilotari, lehenengo mailakoak eta promozio mailakoak. Tartean, bi eskualdekoak dira, Lizartzako Nagore Arozena eta Zizurkilgo Maitane Aburuza, biak lehenengo mailakoak. Bada, ez Arozenak, ezta Aburuzak ere ez dute lortu finalerdietan jokatzeko txartela, larunbatean jokaturiko lehen jardunaldiko patidak ez baitzituzten irabazi.

Arozenak Etxarrirekin batera Leiza eta Caseten aurka jokatu zituen partidak, eta 4-10, 10-19 eta 1-6 egin zuten. Beraz, joko bakarra irabazi zuten. Aburuzak, berriz, Larramendirekin batera, Anoetako Su-Begiko Evaristti eta Housseten aurka 6-10, 10-6 eta 6-2 egin zuten. Kasu honetan ere, joko bakarra irabazi zuen zizurkildarrak.

Aburuza-Larramendi eta Etxarri-Arozenaren arteko partidan, berriz, lehen bikoteak irabazi zituen bi jokoak, 10-5 eta 10-3ko emaitzarekin, eta Aburuza-Larramendi eta Etchelecu-Saezen artekoan, azken hauek irabazi zuten, 3-10 eta 3-10eko emaitzarekin.

Lehen jardunaldia jokatuta, ondorengoak dira finalerdietara pasako diren lau bikoteak: Evaristti (Anoetako Su-Berri)-Housset; Etchelecu-Maria Saez; Leiza-Caset; Halsouet-Borgaray. Honenbestez, Aburuza eta Arozena txapelketatik at geratu dira. Finalerdiak larunbatean jokatuko dituzte, hilaren 29an, Irurako Ametsa trinketean, 16:00etan hasita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!