Migel Soroaren oroimenezko Ogi Berri Pilota Txapelketa iritsi da amaierara. Larunbatean jokatu zituzten estreinako txapelketa honetako finalak Beotibar pilotalekuan, eta giro ezinhobea nagusitu zen, jendetza bildu zelako pilotalekuan, eta pilotariek joko polita erakutsi zutelako.
Hiru mailetako finalak izan ziren ikusgai Tolosako frontoian. Nagusien mailan, Iñaki Artola eta Xabier Tolosa nagusitu ziren. Hain zuzen ere, 22-18 irabazi zuten Arrieta eta Gorrotxategi hernaniarren aurka. 8-12 joan ziren atzetik Alegiko aurrelaria eta Anoetako atzelaria, eta pixkanaka partidari buelta ematea lortu zuten, batez ere, atzelari hernaniarra erasotzearekin. Azkenean, etorkizunean zeresan handia emango duen eskualdeko bikotea izan zen txapelketako irabazlea.
Etorkizunekoen mailan, berriz, Dariok eta Sarasak irabazi zuten Espinal eta Ibarrondoren aurka. Nagusiek baino errazago izan zuten, markagailuak erakusten duen moduan, 22-8 garaitu baitzituzten aurkariak. Kadeteen mailan, bestalde, Ander Errandoneak eta Etxeberriak 22-14ko markagailuarekin erraz garaitu zituzten Bakaikoa eta Urdanpilleta, 64 minutu iraun zuen partidan.
Dario errioxarra ere nabarmendu zen larunbateko finalean erakutsi zuen mailarengatik. Eskuinez nahiz ezkerrez ederki moldatzen zela erakutsi zuen. Baita, Errandonea beratarra ere. Erasoan erakutsi zuen indarrari esker lehendabizi partida berdintzea, eta ondoren irabaztea lortu zuen.
Tolosa, garaile Herriartekoan
Bestalde, Tolosak Herriarteko Pilota Txapelketako finalean sartzeko pauso garrantzitsua eman zuen herenegun. Bidegoianen aurka jokatu zuen, Beotibarren, eta kadeteen mailan 4-22 eta jubenil mailan 5-22 irabazi ostean, 1-2 aurreratu dira tolosarrak. Gainera, 25 tantoko abantaila izango du Tolosak Bidegoianen aurrean.
Emaitzak
Migel Soroaren oroimenezko I. Ogi Berri Txapelketa
Nagusien maila
Artola-Tolosa 22
Arrieta-Gorrrotxategi 18
Etorkizunekoen maila
Dario-Sarasa 22
Espinal-Ibarrondo 8
Kadeteen maila
Errandonea-Etxeberria 22
Bakaikoa-Urdanpilleta 14
Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa
Tolosa 2
Bidegoian 1