Atez atekoaren aurkako galdeketa irregulartasunek nahasi dute

Tolosaldeko Ataria 2013ko eka. 25a, 10:02

Tolosaldea Txukun «oso gustura» dago Zizurkilen atez atekoaren aurkako galdeketak izan duen erantzunarekin, baina hala ere, biharamunean, sarean zintzilik jarritako bi bideok erakusten duten irregulartasunek eman dute zeresana.

  2.246 pertsonako errolda zen bozkatzera deitua zegoena. Irregulartasunak tarteko, 1004 bozka jaso ziren, eta horietatik 990 pertsonek egin zuten 5. edukiontziaren aldeko hautua. 13 atez atekoaren aldekoak izan ziren eta zuri eta baliogabeko bana jaso zituzten. Bozka horietatik, 300 bat, ordea, bozka delegatuaren bidez emanak izan ziren. Tolosaldea Txukun plataformako Patxi Amantegirentzat garrantzitsuena zenbat jendek parte hartu duen izan da: «%44-45a izan da bozkatzera joan dena, eta oso gustura gaude».

Zizurkilgo Udalak ez du galdeketaren gaineko balantzerik egin nahi izan. Joxe Mari Luengo alkateak azaldu duenez, nahiago dute «asteburuan gertatu dena ondo aztertu balantze sakona» egin ahal izateko. Boto delegatuarekin sorturiko irregulartasunei buruz alkateak aurreratu duenez, «guztiok dakigu zer gertatu den».

Irregulartasunen inguruan galdetuta, «guk ahal duguna egin dugu, ditugun baliabideekin. Akaso bakarren bat gertatuko zen», azaldu du Amantegik. Udalak berak antolatu izan balu «garbiagoa» izango zela adierazi du. «Guk ez daukagu NAN zenbakirik, eta ezin dugu ikusi benetan bozkatzera doan pertsona hori paperean agertzen dena denik. Ezin dugu jakin», gaineratu du Amantegik.

Akta egingo dutela argitu du «gardentasuna» bermatu dela adierazteko. «Sinistu nahi ez duenak ez du sinistuko, baina guk gure urratsak egiten jarraituko dugu», dio. «Galdeketa zintzoa eta garbia izatea nahi bada, egin dezala udalak berak. Eta ez ditzala jarri oztopo guztiak galdeketa zapuzteko». Udalari, «lerro berdinean» lanean hasteko deia luzatu dio. Emaitzak udaletxean aurkeztuko dituzte: «Badakit azkeneko hitza ez daukala udalak, eta erabakia goragotik iritsiko dela», argitu du.

Irregulartasunak egon direla erakusten duten bi bideo daude zintzilik sarean. Herritar batek youtube plataforman zintzilikatu du bideoa. Herritar honek, Rafa Gonzalezen izenean ematen du bozka, honek bere izenean bozka emango zuela jakin ere egin gabe. Bideoaren bidez, argi ikusten da, pertsona horrek sinadura faltsua erabiliz bozkatzen duela.

Tolosaldea Txukun plataformako kideak herritarrak bozkatzera joatera ez direla ausartzen salatu du, eta honi lotuta, delegatutako bozkaren beharra nabarmendu nahi izan du. «Sei pertsona daude kanpoan kontatzen, eta ez daude kontatzen zenbat pertsona joaten diren, baizik eta, ea zeintzuk joaten diren». «Guk ez dugu tranpa egiteko beharrik, ez eta nahirik ere. Honek ez dio inori mesederik egiten», argitu dute.

Bere aldetik, Zizurkilgo atez atekoaren aldeko herritar taldeak, lehenik eta behin, galdeketa izan den bi egunetan begirale lanak egiten utzi ez izana salatu dute. Bertako kide den Aizpea Zabalak, galdeketaren emaitzak kontuan hartuta balantze «positiboa» egin du. Barruan egoten utzi ez zietenez, kanpoan egon ziren, eta «752 pertsona» sartu zirela bozkatzera argitu dute: «Denak ez ziren zizurkildarrak, eta bateren bat errepikatua ere izan zen». Herritar taldearen ustez, «erroldaren %33a da bozkatzera joan dena. Guretzat, zizurkildarren hirutik bat gerturatu da bozka ematera, eta hiru biztanletik bik atez atekoari aukera bat ematea erabaki dute».

Zabalak, «emaitzak onartzeko» eskatu die Tolosaldea Txukun plataformako kideei, eta «boto delegatua iruzurrerako boto aparta» dela ekarri du gogora. Bestetik, «herrian sortzen ari diren giro txarra uzteko eskatu nahi diegu», azaldu du Zabalak. «Herritarrei atez atekoari aukera bat emateko eskatu nahi diegu. Probatzeko, eta ondoren erabakitzeko esango nieke; merezi duela», gaineratu du.

Patxi Amantegik boto delegatuaren beharra nabarmendu duela eta, hori «inondik inora» ez dela horrela argitu nahi izan du Aizpea Zabalak: «Ez gara beldurra zabaltzen ari, eta eskuak garbitzeko aitzakia bat da beraiena. Inongo bozketetan ez da onartzen delegatutako bozka».

Kuboa ateratzera joan diren herritarrek ere mehatxuak jaso dituztela Zizurkilen salatu du herritar taldeko kideak.

Galdeketa gehiago

Tolosaldea Txukun plataformak galdeketekin aurrera egingo du. Asteburu honetan, Anoeta, Irura eta Amasa-Villabonan egingo dituzte. Emaitzak herrietako alkateei aurkeztuko dizkietela gogora ekarri dute: «Nahi badituzte aintzat hartu ditzatela, eta bestela egin dezatela beraiek pentsatzen dutena». Bide bera erabiliko dutela gaineratu du Amantegik.

«Tolosaldea Txukun plataformak herri galdeketarekin egin duen joko zikina eta iruzurra» salatu du Zizurkilgo herritar taldeak. Bi bideo daudela ekarri dute gogora taldeko kideek. Hau kontuan izanda, «astebururako deituak dituzten herri kontsultak bertan behera uztea eskatzen diegu. Ez da posible honelako herri galdeketaren ostean, aurrera jarraitzea».

«Tolosaldea Txukunek egin duena ez da soilik atez atekoaren alde gaudenon aurkako iruzurra, gizartearen aurkako iruzurra baizik. Are gehiago, atez atekoaren kontra bozkatzera joan diren pertsonei egindako iruzurra da, manipulatu, engainatu eta erabili egin dituztelako», adierazi dute atez atearen aldeko herritarrek. «Kontsultaren aurretik bagenuen nahikoa arrazoi udalari kontsulta honen emaitzak onartu ez zitzan eskatzeko. Orain, froga sendoak ditugu. Era berean, EAJri eskatzen diogu kontsulta honen baliogabetasuna onartzeko», gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!