Emakumeak lehen aldiz bordondantzari

Tolosaldeko Ataria 2013ko eka. 25a, 08:20

Zeruari begira igaro zuten joan den astea tolosarrek, ea San Joan jaietan eguraldiak zer ekarriko esperoan. Bada, eguraldia lagun izan da beste behin, eta festaz normaltasunez gozatu ahal izan da.

Ostiralean Lizardiko eskopetari konpainiako partaideek Sanjoanei hasiera ematen zien txupinazoa bota zutenetik, ekitaldiz betetako lau egun izan dira.

Larunbatean, esaterako, 1.600 gazte bildu ziren Euskal Herria plazan kuadrillen eguneko bazkarian. Beste batzuk ezin izan zuten bertan izan, guztientzako lekurik ez baitzegoen. Antolatzaileek balantze «oso positiboa» egin dute: «Guztia normaltasunez joan zen eta jai giro polita izan genuen».

Garai berriak tradizioetan

Baina 2013ko San Joan jaiek historiara pasako den beste irudi bat utzi dute. Izan ere, emakumeek lehen aldiz hartu dute parte bordondantzari izanez. Urte askoko tradizio horretan, orain arte, gizonezkoak soilik ateratzen ziren dantzari gisa.

Aurten sei emakumek dantzatu dute, eta «esperientzia ikaragarria» izan dela eta «herritarrengan izan duen harrera ona» ikusita, errepikatzea espero dute. «Ea hurrengo urtean emakume kopuru bera edo handitzeko aukera daukagun», azaldu dute.

Bien bitartean, Tolosako musika bandak, txistulari, dultzainero eta eskopetari konpainiek musika, tiro hotsak eta kolorea ezarri zioten atzoko egunari. Milaka lagun bildu ziren goizean goizetik kaleetatik zehar desfilea egiteko. Eguerdian, Joxelu Andueza zena oroitu zuten Euskal Herria plazan. Senideei oroigarriak eman zitzaizkien eta bertso bat kantatu ostean, bi karga bota ziren haren omenez.

Sanjoanekin batera ere atzean utzi da udaberria, eta ongi etorria eman zaio udarari. Hala ere, badirudi zerura begiratzea uzterik ez dela posible izango denbora batez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!