Atez atekoa dagoeneko martxan dagoen arren, hondakinen bilketa sistemaren inguruko herri galdeketa antolatu du Tolosaldea Txukun plataformak asteburu honetarako Zizurkilen, eta bostgarren edukiontziaren aldeko plataformak «etxean ez geratu eta bozkatzera joateko» eskatu du.
Kontsulta bihar eta etzi egingo da Pedro Mari Otaño ikastetxean. Larunbatean, 10:00etatik 20:00etara egongo da bozka emateko aukera, eta igandean, berriz, 16:00k arte egongo da zabalik bulegoa. Bertan bi koloretako papertxoak egongo dira: zuriak, atez-atekoaren aldekoak, eta marroiak, bostgarren edukiontziaren aldekoak.
Papertxo hauek etxez etxe banatu dituzte, eta edonork jaso izan ez balitu, han bertan eskuratzeko aukera izango du. Gainontzean, bozketaren sistema Legazpin egin zenaren berdina izango da.
Boto delegatua beraz, baliozkoa izango da. Joan ezin duen pertsonak beste bati eman diezaioke bozkatzeko eskubidea, beti ere, bigarren pertsona hori identifikatuta egonda eta baimena ematen duen sinadurarekin.
Alkateari erantzuna
Asteartean, Zizurkilgo alkateak eta Bilduko zazpi zinegotziek galdeketa axolabagekeria zela eta gutxieneko baldintza demokratikoak betetzen ez zituela esanez egindako adierazpenei, erantzun egin zien Tolosaldea Txukunek.
Galdeketaren helburu bakarra zizurkildarrek bilketa sistemari buruz duten iritzia jakitea dela esan du Patxi Amantegi, plataformako bozeramaileak. «Hondakinen arazoari irtenbidea emateko bide bakarra bozketarena da, inoiz ez inposizioarena. Beraz, axolagabekeria bakarra beraiena da, herritarren aurka doan erabaki bat hartzean».
Horregatik, parte hartzeko deia egin zuen Amantegik: «Herritarrak euren iritzia beldurrik gabe plazaratzera animatzen ditugu, inor ez dadila etxean geratu. Herritarrek dute azken hitza».
Bozketako emaitzak, «edozein izanda ere, onartu» egingo dituztela baieztatu du Amantegik: «Herriak atez atekoaren alde erabakitzen badu, mobilizazioak alde batera uzteko prest gaude. Alkateak ere jarrera bera hartzea nahi dugu bere aurkako emaitzak ateratzen badira».
Bestalde, Zumaia eta Legazpin gertatu den moduan, «adostasun batera iristeko prest» daudela adierazi du Amantegik.