Amasa-Villabonako Udalak gizarteratze prozesua egin du hondakin bilketa sistemaren inguruan. Aste gutxira herritarren ekarpenak kontuan hartuta hondakinak biltzeko sistema berria martxan jarriko da. Prozesu horri buruz eta sistema berriaren inguruan hitz egin du Galder Azkue alkateak.
Galder Azkue Amasa-Villabonako alkatea[/caption]
Hondakinen bilketaren inguruan, gizarteratze prozesua eman du aurrera udalak.
Tolosaldea eskualdeko udalok, mankomunitateari utzia diogu hondakin bilketaren eskumena. Hori horrela izanik, mankomunitateak erabaki zuen egungo bilketa sistema hobetzeko udalok geneukan nahiari zein irtenbide tekniko eman, ekonomian, osasunean eta ingurumenaren errespetuan oinarritutako irizpideekin. Behin sistemarik egokiena atez atekoa zela ondorioztatu ondoren, udal bakoitza arduratu da sistemaren berri herritarrei emateaz.
Zein izan da zuen bidea?
Gure kasuan, gizarteratze prozesu bat ipini genuen martxan aurtengo martxoan eta oraindik zabalik dagoen prozesua da. Ezinbestekoa da sistema eta eredu berria ezagutzera emateko eta herritarren zalantzak eta kezkak argitzeko; bestalde, ekarpen guneen kokapen egokienak, bilketa ordutegiak, frakzio ezberdinen bilketa nola egin eta abar erabakitzeko aukera eman zaie herritarrei prozesu honen barruan.
Nolako balantzea egiten duzu?
Oso prozesu aberatsa izan da, eta herritarrek alkate eta zinegotziekin aurrez aurre egoteko aukera izan dute. 600 pertsona inguruk parte hartu du zuzenean eta ehunka alegazio jaso ditugu bizilagunen komunitateetatik; beraz, herritarren gehiengora iritsi garela uste dut.
Zer garrantzi izan dute herritarren ekarpenek?
Hiru puntu nagusitan erabaki dute: hondakinak biltzeko puntuen kokapenean – hasierako proposamenetatik 100 aldaketa baina gehiago–; ordutegian –hasierako proposamenetik zabaldu egin da–, eta frakzioak biltzeko modua. Kasu honetan, papera eta kartoiaren edukiontzia kalean uztea erabaki da: atez ate astean behin bakarrik biltzen da eta etxean pilatuko dela aurreikusten zuten herritarrek eta merkatariek. Ongi bereizten den frakzio bat da, eta igandetan bilketa ez egitea ahalbidetzen du larunbat gauean kaleak libre egon daitezen. Dena den, sistema martxan jarri eta 6 hilabetera berraztertuko da eta emaitzen arabera eta herritarren ekarpenen arabera berriro moldatu ahal izango dira aurrez aipatutako puntuak.
Zein da zure inpresioa orokorra herritarrekiko, hau da, jarrera irekia edo itxia izan dute? Arazoak ikusten ala irtenbideak bilatzen aritu dira?
Herritarrak beti saiatzen dira irtenbideak bilatzen beren fede onenarekin; beste gauza bat da gero teknikoki egingarriak diren edo ez proposamen horiek. Kontutan izan behar da, hondakinak biltzeko beharrezkoak diren azpiegiturak konplexuak direla –kamioiak, transferentzia guneak…– eta gainera gure herriak beste 27 herrirekin elkarbanatzen duela zerbitzu hau.
Sistema mixtoa izango da Amasa-Villabonan, atez atekoa eta edukiontziak elkar hartuz. Nolakoa izango da zehazki?
Amasa-Villabonan atez atekoa eta edukiontziak konbinatzen dituen sistema batekin hasiko gara; zehazki, beira eta papera edukiontzien bidez jasoko dira eta organikoa, ontzi arinak eta errefusa atez ate. Beraz, sistema mixto batez hitz egin genezake; garrantzitsuena baina, ez da nola izena duen baizik eta sailkatzea derrigorrezkoa den bilketa indibidualizatu batetaz ari garela, eta hau dela gaur gaurkoz emaitzarik onenak ematen dituen sistema. Gure helburua % 80ko tasetara iristea da, eta hori da garrantzitsuena.
Atez atekoaren aurka dauden herritarrei zer esango zenieke?
Ulertzekoa dela entzun direnak entzun eta gero aurka egotea. Guganako konfiantza eskatuko nieke. Gu ere herritar soilak gara –neronek 3 ume ditut– eta niretzat txarra den ezer ez diet herritarrei opa; horregatik, ez dezatela beldurrik izan. Ikusiko dute behin probatu eta gero, oso erosoa eta erraza dela. Gainera, arlo ekonomikoan ere pentsatu beharko lukete. Zenbat eta gutxiago birziklatu orduan eta garestiago ari da bihurtzen zabor bilketa sistema –2009tik 2013ra bikoiztu egin da –, eta beraz, atez atekoa bezalako sistema eraginkorrek, herritarrek ordaindu beharreko hondakinen tasa ez igotzea ekarriko dute datozen urteotan.
Larunbatetik igandera ez da hondakinik jasoko, baina organikoa larunbatean bilduko da. Beraz, zer ordutegi izango du?
Ostiral gauean atera behar da organikoa, eta hori larunbat goizean bilduko da. Beraz, igande gauera arte ez da beste ezer ateratzeko aukerarik izango eta honela, larunbat gauean kaleetan hondakinik ez egotea lortzen da.
Sacem, Otsabin eta Amasan, larrialdi guneak izango dira. Zertarako dira gune horiek?
Landa eremuko etxeei zerbitzua emateko eta larrialdietarako, edota ordutegiz kanpo moldatu ezin direnentzako.
Atez atekoaren aurka agertu da Tolosaldea Txukun.
Legitimoki aukeratutako instituzio baten aurkako erasoan ari dira herritarren artean izua eta amorrua sortuz, oraindik ezagutzen ez duten gai baten inguruan. Demostratuta dago, herritarrek behin sistema egunerokoan ezagutu eta gero, oso ongi hartzen dutela eta beraz, Tolosaldea Txukunen beldurra horixe da, herritarrak beraien argudioak gezurretan oinarritzen direla konturatzea. Horregatik ari dira egin ahal bizian sistema ez martxan jartzeko. Badakite behin martxan jarrita jendeak ez dituela gehiago beraien gezurrak sinetsiko.
Oposizioaren jarrera nolakoa da?
Tolosaldea Txukun, EAJren plataforma bat dela argi eta garbi ikusi dugu. Villabonaren kasuan, EAJko zinegotzi eta militanteek egin dituzte plataformaren lan guztiak eta gero, udalean, lan politikoari muzin egin diete, ez baitute arazoaz eztabaidatzeko inongo borondaterik erakutsi. Hor daude apirilaren 8 eta 10ean eztabaida publikorako deialdian ez agertu izanaren frogak baita batzorde eta bilkura ezberdinetako aktak ere non ez duten gaiaren inguruko ekarpen bakar bat ere egiten. EAJri ez zaio birziklapena interesatzen, plataformaren atzean ezkutatuta, boterera itzultzea beste asmorik ez dauka.
Zer esango zenieke herritarrei?
2011ko maiatzean egin bezala, guganako konfiantzari eutsi eta EAJren tranpan eror ez daitezen eskatu nahi diet. Herritarrek aukeratutako gobernua kanporatu besterik ez du egin nahi EAJk, eta beraz, Tolosaldea Txukunek antolatutako ekimen orori bizkarra ematea eskatzen diet. Udalera jo dezatela zalantzak eta kezkak agertzera; gure herria Amasa Villabonatarron artean eraiki behar dugu.