Bederatzigarrenez antolatu dute aurten, eta hilaren 27tik 30era arte luzatuko da, plaza eta tabernetan
Datorren urtean beteko du hamarkada, Tolosandblues jaialdiak. Bederatzigarren jaialdian ere badute, antolatzaileek, ospakizunetarako arrazoirik, Euskal Herriko blues jaialdien zirkuituan sartu baita Tolosakoa, Getxo, Gasteiz eta Hondarribiako egitasmoekin batera.
Ekainaren 27tik 30era bitarte luzatuko den egitaraua Igor Ezenarro kultura zinegotziak, Iñigo Martin antolatzaileak eta Tolosa & Co elkarteko Juanjo Ruizek aurkeztu dute. «Garai hauetan ez da erraza halako egitasmoak aurrera ateratzea, eta ospatzeko moduan gara», azpimarratu du Ezenarrok.
Hurrengo udan zenbaki borobila harrapatuko du Tolosandblues jaialdiak, eta Iñigo Martin antolatzaileak harmarkadara iristea espero du: «Aurten, gainera, pozik gaude egitarauagatik, eta baita Tolosandblues Getxo, Gasteiz eta Hondarribiako jaialdiekin batera, Euskal Herriko zirkuituan sartu delako».
Euskal Herritik nazioarteraino
Bluesaren maitaleentzako egunak izaten dira Tolosandblues jaialdikoak, eta aurten ere, hainbat jatorritako musikariak izango dira Tolosako plaza nahiz tabernetako oholtzetan.
Jaialdia Soraluzeko Zuhaitz Zatitxuak blues band taldeak zabalduko du asteazkenean, Orbelan, eta ostiralean ere Back Track donostiarren soul eta blues doinuak izango dira, Euskal Herria plazako oholtzan.
Euskal Herria plazakoa amaitzean, Fronton kafetegian Ñaco Goñi musikari madrildarraren saioarekin jarraitu ahal izango da; Chicagoko blues estiloa jorratzen du, ahoko soinuarekin.
Larunbatean, berriz, tolosar baten saioa izango da, Solana 4 tabernan, 19:30etik aurrera: Iker Piris gitarra jotzailea ariko da.
Iñigo Martin antolatzailearen arabera, «aurtengo izarra» ekainaren 29ko gauean Plaza Berrian entzun ahal izango den Eugene Bridges izango da. Laukote formatua etorriko da Tolosara, New Orleans-etik, eta bere ahotsa eta gitarrari, organoak, baxuak eta bateriak lagunduko diote. «Aparteko kontzertua izatea espero dugu», dio Martinek.
Azkenik, Herrialde Katalanetatik, Big Mama abeslaria ariko da Tolosandblues jaialdian. Ahoko soinua jotzen bikaina den Victor Puertas izango du lagun, eta hilarne 29an Fronton kafetegian ariko dira, 00:00etatik aurrera. Ez da, ordea, musikari autodidakta honek Tolosan eskainiko duen emanaldi bakarra izango; ekainaren 30ean, formatu akustikoko emanaldia eskainiko du, Saikin 2 tabernan.
Egitaraua
Ekainak 27, osteguna
22:30. Zuhaitz Zatitxuak blues band, Orbela tabernan.
Ekainak 28, ostirala
22:30. Back Tracks, Euskal Herria plazan.
00:00. Ñaco Goñi, Fronton kafetegian.
Ekainak 29, larunbata
19:30. Iker Piris trio, Solana 4 tabernan.
22:30. Eugene Hideaway bridges, Plaza Berrian.
00:00. Biga Mama, Fronton kafetegian.
Ekainak 30, igandea
22:30. Big Mama formatu akustikoan, Saikin 2 tabernan.