Alegian eta Ibarran erakusketak jarri dituzte gero eta ohikoagoak bilakatzen ari diren erakusleihoetan, hau da, taberna eta komertzioetan. Alegian hilero bezala, Erretiratuen tabernan margolanak daude ikusgai. Ekainean, herriko artista bati eman diote lekukoa, nahiz eta honek, komunikabideetan bere izena agertzerik nahi izan ez duen. Erakusketan koadroak salgai daude, eta bertan lortzen den diru guztia Etiopia Utopia proiektura bideratuko da, margoen egilearen esanetan.
Alegiarra duela gutxi sartu zen margogintzan, «erretiroa hartu ondoren». Tolosako kultur etxean ikastaroak hartzen hasi zen, eta bigarren urtearen bueltan, bere lehen erakusketa jarri du herritarren aurrean. Gai guztien inguruan margotzen duela dio, «burura etortzen zaidana izaten dut gaia, eta ez ezer berezirik».
Etiopia Utopia proiektuaren inguruan galdetuta, gobernuz kanpoko erakunde honi laguntzen urteak daramatzala dio alegiarrak, eta erakusketa honekin bere ekarpen txikia egin nahi izan diola gaineratzen du.
20 urteko argazki bilduma
Ibarrako Txiribitu aisialdi taldea 20. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta urte guztian zehar, hainbat ekimen antolatu ditu. Azkena, erakusketa bat da. Ibarrako komertzio eta tabernetan urte guzti hauetako historia kontatu nahi izan dute, eta horretarako argazkiak zintzilikatu dituzte; 20 urteko ibilbidea laburbiltzen duten irudiak.
Herritarrek Txiribitu aisialdi taldea gertutik ezagutzeko aukera izango dute modu honetan, bertatik igaro diren haurren argazkiak ikusiz. Askok, etxekoen bilakaera nolakoa izan den ikusiko dute irudi horietan oinarrituta.
Erakusketa aste honetan jarri dute, eta bi asteko iraupena izango duenez, ekainaren amaiera bitarte, Txiribitu aisialdi taldearen 20 urteko ibilbidearen argazkiak ikusgai egongo dira Ibarrako txoko guztietan.