Urrats berria eman dute Bidanian gasa herrigunera eraman ahal izateko

Ataria 2013ko ekainaren 20a

Bidegoiango Udalak gasa banatzeko sare berriaren hirugarren fasea amaitu dela iragarri du. Gasifikazio lanei esker, Bidaniako alde zaharreko bizilagunek eskura izango dute euren etxeetan gasa herriko deposituetatik hartzeko aukera. «Egin diren lanei esker, herriguneko bizilagunek dagoeneko gasa euren etxeetan dute. Lan hauek ez dira errazak izan, alde zaharrean eskuz egin behar izan baitira», azaldu dute Bidegoiango Udaletik. Eskuz egitearen arrazoiak, lur azpian lehendik zeuden azpiegiturak izan dira, hala nola, argiteria, ubideak eta abar.

230 metro inguruko ibilbidea hartu dute lanek, hau da, balioanitzeko zentroaren ingurutik Bidaniako plazarainokoa. Udalak proiektua aurkeztu zuenean, Egurki enpresa izan zen lanak egiteko aukeratua izan zen lehiakidea. 44.000 euro inguruko aurrekontua aurkeztu zuen, eta lanak bi hilabeteren bueltan amaitu dituzte. Apirilean azpiegitura berria, eta gas banaketa sarearen hirugarren fasea amaiturik zegoen. Lan hauek Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute, aurrekontuaren %46aren kargu egin direlarik.

Herrian gasa bizilagunen eskura jartzeko asmoak ez dira lehen hiru fase hauekin amaitzen, edo udalak ez du behintzat horretan amaitzerik nahi: «Etorkizunean beste fase batzuk egin nahi ditugu, Tolosaldeko zatira eta Goiatzeko nahiz Bidaniako herriguneetako etxe guztietara iritsiz. Helburu hauek lortzeko gogoa ez da falta, aurrekontuak osatzeko zein aukera dauden ikusi beharko da, ordea». Diru laguntzek zeresana izango dute, beraz, hirugarren fasetik haratago joateko proiektuak egiterako orduan.

Lehen hiru faseak

Gasifikazio sarea berritzen 2008an hasi zen Bidegoiango udala, gasa kanalizatu eta herriko deposituetatik, ahalik eta herritar gehienei baliabide hori eskaintzeko helburuarekin. Azken urteetan egin diren etxeek aukera hori izan bazuten, baina zaharragoetan, norberak bere aldetik konpondu behar izaten zuen, bonbona edo gasoila eta abarren bidez. Egin diren fase desberdinei esker, herri deposituetatik gasa hartzeko aukera gero eta herritar gehiagok dute.

Lehen fasean, Bidanian zeuden herriko deposituetatik kanalizazioa Goiatzeraino eraman zuten. 2011n, bigarren fasearekin hasi ziren, eta honen barruan, bi proiektu egin zituzten. Ordura arte, herri deposituak Bidanian zeuden, herrigunean eta ikastetxe publikotik gertu. «Kokapen hori ez zen egokia ikusten, eta herrigunetik urrunago jartzea erabaki zen», esan dute udaletik. Gauzak horrela, Goiazko hilerriaren inguruan egin zuten depositu berriaren kokalekua. Hau, bigarren fase honen lehen zatia izan zen, eta ondoren, bigarren azpiegitura etorri zen. Depositu berrien kokalekutik bidea zabaldu zuten Goiatzeraino, bi guneak lotuz.

Apirilean amaitu zen hirugarren fasea ez da aurreikusi zuten bezain erraza izan, lanak «korapilatu» egin baitira, guneak berak dituen ezaugarriengatik. Helburua, Bidaniako herrigunera iristea zen, eta astiro baino ziur, helburua lortu da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!