Auzokonpostazank!

Ataria 2013ko ekainaren 20a

Bioaniztasunetik

Jon Ander Galarraga

Biologoa

Aspaldian pelma xamarra nabil konpostajearen gai honekin. Baina gaur egun gure Tolosaldea maitean puri-purian dabilen gaia da, eta zutabe honetan beti gabiltza labetik atera berriak diren gaiei heltzen. Beraz, hurrengo zutabe xume hau, auzokonpostari buruzkoa izango da, ziur nago irakurleen artean badaudela eta auzokonpostatzaile finak!

Gutako askok, zoritxarrez, ez dugu gure etxean lorategi edo partzelarik, eta nahi izanda ere, ezin dugu konpostajea gure etxean egin. Badaude etxeko balkoian erabili daitezkeen konpostagailu txikiak, baina ez ditut gustuko. Konpostajerik hoberena, lurpeko xomorro txikien laguntzaz egiten dena da eta gure balkoiko zoruan ezin bilatu xomorrorik!

Balkoiko konpostagailu hauetan, mikroorganismo eta intsektu hegalariek egiten dute konpostajea, gure balkoiraino iristeko ahalmena duten bizidun bakarrak, hegalariak eta berauei pegatuta dauden bizidun ñimiñoak! Batzuk, zizareak gehitzen dituzte konpostagailu barrura, baina pentsa zizare hauek ezingo dutela konpostagailutik lurpera ihes egin eta momenturen batean gure konpostagailu barruko giroa ez bada beraientzat egokia, bertan hilko dira. Gainera, zer esanik ez, konpostajearen ondorioz sortzen diren urak, konpostagailu barruan geratuko direla edo are okerrago, gure balkoitik behera joango direla burusoil baten gainera, misil baten moduan.

Horregatik naiz lurrarekin kontaktuan dauden konpostagailuen aldekoa: erabilgarriak dira, erosoak eta partzela txiki batean ipini ahal dira. Azken batean, xinpleak dira!

Auzokonposta egiten dutenak, beren etxeetan partzelatxorik ez duten jendea da. Udalek partzela bat uzten diete eta bertan ipintzen die auzokonpostajerako muntaia guztia: konpostagailuak, aireztagailuak eta material egituratzailea. Eta guzti honen hoberena, «aditu» baten bisita jasotzen dutela auzokonposta nola egin erakutsiz.

Ez dira 300 litroko konpostagailu txikiak erabiltzen, 700 litroko konpostagailu handiak baizik. Zortzi familiez osatutako taldeak edo kofradiak osatzen dira, eta kofradia bakoitzak horrelako bi konpostagailu erabiltzen ditu. Bat betetzen denean, konposta «zahartzen» uzten da eta bitartean bigarrena erabiltzen da.

Aipatzekoa da, kofradia bakoitzean, badagoela pertsonaia bat, niretzat heroi bat dena: kofradia-arduraduna. Pertsona hau, borondate handiko gizaseme-alaba, bere kofradiaren konpostagailuak gutxienez astean behin aireztatzeaz arduratzen da, material egituratzailea falta ez dadin erne egoten da, eta edozein gora behera bada, udalera abisatzen du. Pertsona hau heroi bat da konpostatzaileen munduan... nik uste, elizan santuen artean aldaretxo txiki bat egitea merezi duela. Ziur zuen buruan, «jubilatuta zegoken baten bat izango dek» pentsatzen ari zaretela, eta jubilatu asko kofradia-arduradun diren arren, mota eta egoera sozial ezberdinetako kofradia-arduradun bikain ugari ikusi ditut.

Konpostaje guztietan bezalaxe auzokonpostan ere, aireztatzeaz gain, organikoa puska txikietan bota behar da eta materia egituratzailea erabiltzea beharrezkoa da. Baina, konpostagailu txikietan %50a erabiltzen den bezala, auzokonpostan %25a erabiltzea gomendatzen dugu. Auzokonpostaren erabiltzaileen ohitura izaten baita, material egituratzaile gehiegi botatzea, eta 700 litroko konpostagailutzarra hilabetean betetzea.

Horrelakoxeak gara!

Zure auzoan, auzokonposta egiteak badu abantaila bat: zure auzokideekin harremanak egiten dituzula, eta gaur egungo gizarte erdi autista honetan, benetan preziatua den abantaila da.

Mila esker auzokonposta burutzen duzuen auzokonpostatzaileei. Auzokonposta konpostaje publikoa baita, edozein pertsona hurbil daiteke bertara: «Horrek usain txarra zeukak!»; «Zikinkeri earra jarri dezue hor...!»... eta horrelako esaldiak esatera. Auzokonpost prozesu egoki bat eramatean, konpostajearekin guda pertsonala duen jende honi, konpostajea bideragarria dela erakuste baitiozue.

Aupa zuek!

Herri asko dira gurean auzokonpostaren abentura honetan daudenak, besteak beste, Aduna, Ibarra, Villabona, Lizartza... eta ugari hasiko direnak etorkizunean. Auzokonposta herriarentzako balio sozial bat da, ikasi egiten dugu, auzokideekin biltzeko gune bat sortzen dugu, harremanak estutzen ditugu eta ziur pertsona oso interesgarriak topatzen ditugula etxetik bi pausora.

Beraz... animatu eta auzokonpostazank!

Horrez gain, zuen iritzi eta zalantzak jasotzea asko interesatzen zaidanez, inongo lotsarik gabe idatzi ondorengko helbide elektronikora: bioaniztasunetik@hotmail.com.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!