Galdeketak «baldintza demokratikoak ez dituela betetzen» salatu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2013ko eka. 20a, 11:40

Zizurkilgo Udaleko Bilduko zortzi hautetsiek asteburu honetarako Tolosaldea Txukunek deitutako herri galdeketak «gutxieneko baldintza demokratikoak ez dituela betetzen» salatu dute.

Boto delegatua baliozkotzat jotzea ez dela zilegi esan dute, «edonork edonoren botoa eman baitezake». Bestalde, banatu diren bi paperetatik bat gezurretan oinarrituta dagoela adierazi dute: «papera eta plastikoa nola bilduko diren oraindik ez dagoela erabakita diote, eta hori ez da horrela, udalak hasieratik eman baitzien herritarrei bi frakzio hauek atez ate bilduko zirenaren berria».

Inbertsio guztiak egin ondoren galdeketa antolatzea «axolagabekeria ekonomiko galanta» dela azaldu du Nerea Lizarraga alkate ordeak. Dena den, galdeketa aurrera eramateko borondatea izan duela gaineratu du: «galdeketa egiteko prest agertu da udala, baina baimena emateko baldintza bakarra jarri zuen, zizurkildar bat arduradun izendatzea. Astebete pasa da eta ez digute erantzun ere egin».

Hori dela eta, Bilduk EAJk hartutako jarrera salatu nahi izan du: «Zizurkildarrek badakite EAJk deitu duela kontsulta, eta harrokeria eta errespetu falta izugarria erakusten ari da. Udalak eskatu nahi dio akusazio merkeak alde batera utzi ditzala herritarren artean egoneza sortzea helburu duten gezurrekin ez baikoaz inora».

Partaidetza arautuko dute

Bestalde, udal gobernuak herritarren parte hartzeko tresna ezberdinak, tartean herri kontsultak, arautuko dituen ordenantza bat egiteko bideari ekin diola jakinarazi du. «Oraingo indefinizio egoerarekin amaitu nahi dugu, eta ikusirik 35 urtez euskal instituzio ezberdinetan agintzen egon eta gero EAJ herritarrei entzuteak duen garrantziaz jabetu dela, PSErekin batera ordenantza horren sorreran parte hartzeko dei egiten diegu».

Hobetzeko konpromisoa

Atez atekoa, sistema malgua dela azaldu du udalak, eta hobetzeko aukera badela. Horregatik, sei hilabeteko epean herritarren iritzia jaso, berrikuspena egin eta eskatzen diren aldaketak egiteko konpromisoa hartu du. Bitarte horretan, «sistema probatzea» eskatu du: «hondakinen %80a birziklatzeko ezinbestekoa da herritarren laguntza, eta egiten duten ahalegina eskertu nahi diegu. Aurreiritiziak alde batera utzi eta aukera bat eman behar zaio».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!