San Joan bezperan izango da lasterketa, eta eskualdeko 15 txirrindulari inguruk parte hartuko dute
Eskuadeko txirrindulari batzuk aurkezpenean izan ziren Abraham Olano eta Ibai Iriarterekin.
Gipuzkoako Txapelketako azken jardunaldia izango da, igandean 09:00etatik aurrera, Tolosan, 100 emakumek jokatuko dutena. Tolosako Emakumeen I. Sari Nagusia antolatu du lehenengoz, Tolosa CFk, Oriako txirrindulari eskolaren eta Tolosako Udalaren laguntzarekin, eta San Joan jaien egitarau barruan txertatu dute.
Ibai Iriarte alkateak emakumezkoen kirola sustatzeak duen garrantzia nabarmendu du aurkezpenean: «Hasiera-hasieratik genero politikei garrantzia eman diegu, eta kirola eta emakumeak uztartzen saiatu gara. Tolosaldean asko dira txirrindularitzan ari diren neskak, baina nahiko ezkutuan izan den jarduera da. Beraz, lasterketa honek balio dezala emakumeek egiten duten lana erakusteko, eta herriko eta eskualdeko neska gehiago txirrindularitzara hurbiltzeko».
Tolosako alkatearekin batera, ibilbidea diseinatu duen Abraham Olano eta Irene San Sebastian, Maddi Amondarain eta Nahia Domingez txirrindulariak izan dira. Dominguezek, igandeko lasterketa aukera «polita» dela azpimarratu du: «Etxetik gertu lasterketa batean aritzea motibazio bat gehiago da guretzat, eta inguruko neskek txirrindularitza ezagutzeko aukera ere ematen du».
Horrela, beraz, Osintxu eta Bergara artean jokatu zen lasterketarekin, eta Zizurkil eta Villabona artekoarekin batera, Gipuzkoako txapelketa borobilduko duen proba izango da Tolosakoa. 15 urtetik gorako 100 txirrindulari inguruk parte hartuko dute, eta ibilbideak Tolosako herriaz gain, Irura, Anoeta, Lizartza nahiz Ibarrako errepideak ere zeharkatuko ditu.
Abraham Olanok prestatu du ibilbidea, eta antolatzaileek azaldu dutenez, «zorrotza eta gogorra» izango da; azken zirkuituan, esaterako, %12ko pendiza duen aldapa igo beharko dute neskek. Irteera nahiz helmuga puntuak Tolosan izango ditu lasterketak, «baina aurrera begira, eskualde osoko lasterketa bilakatzea da helburua», azaldu du Olanok.
Eskualdeko harrobia lehian
Parte hartuko duten 100 txirrindularien artean, eskualdeko 15 inguru izango dira; horiez gain, asturiarrak, Herrialde Katalanetakoak, madrildarrak nahiz Gaztelakoak izango dira, kadete, gazte eta elite mailan lehiatzeko.
Kadeteak irtengo dira 09:00etan, eta itzuli bana emango diete, A eta B zirkuituari; 35 kilometro izango dira, gutxi-gorabehera. Jarraian elite mailakoak izango dira irteera puntuan, eta A zirkuituari ere itzuli bat emango diote; helmugatik igarotzera doazenean, ordea, junior mailakoak batuko zaizkie, eta guztiek bina itzuli emango dizkiete A nahiz B zirkuituari. Horrela, beraz, gazteek 70 kilometro inguru egin beharko dituzte, eta elite mailakoek 90 inguru.