Santio jaiei atzera begiratua

Ataria 2013ko ekainaren 19a

Ia duela 400 urtekoa da Villabonako Santio jaiei buruz aurkitu den lehen aztarna. 1622koa hain zuzen, Amasarekin elkartu eta berehalakoa. Musikariei eta zezenak ordaintzeko ordainketa-agindu bat da topatutako dokumentu hori.

Harrezkero artxibategian topatu diren eta herritarrek eman dituzten argazki, programa, kartel eta bestelako elementuekin erakusketa bat antolatu du Villabonako Udalak.

XVII. mende hartako informazio askorik ez dute topatu udal artxibategian, izan ere, 1812. urtean, Independentzia gerran udaletxea erre zuten Frantziako kuartela zenean, eta milaka dokumentu desagertu ziren. Hala ere, jakin izan da 1681. urtean, besteak beste, ez zirela jaiak ospatu udalak zituen zorrengatik eta urte hartako uzta txarraren ondorioz.

Gaur egungo jaiekin alderatuz desberdintasun handiegirik ez dagoela nabari da. Festetan, musika, dantza eta zezenak izan ohi ziren ardatz nagusi. Baina baziren beste bi ekintza herrian oso harrera ona izaten zutenak. Alde batetik, XIX. mendean ohikoak izaten ziren tokian tokiko santuaren aldeko hitzaldiak. Bestalde, errebote partidak ere oso estimatuak izaten ziren herrian.

Euskal kulturaren pizkundearekin batera iritsi ziren bertsolaritza, euskal dantza eta euskal antzerkia Villabonako jaietara. Ordura arte egutegian tokirik gabe geratu ohi ziren ekintza hauek. Txistulariek eta herriko bandarekin batera egiten zuten alardeak ere ikusmin handia pizten zuten.

Programak ikusgai

Erakusketa horren helburu nagusiena garaiko programak jendearen eskura jartzea da.

Horregatik, bildu diren programa guztiak digitalizatu eta bertako ordenagailu batean ikusteko aukera izango da. 1980ra bitartekoak bitrinetan ere jarri dituzte gertutik ikusi ahal izateko. 1981. urtetik aurrera kartel lehiaketa antolatu zen herrian, eta gaur arte irabazle izan diren guztiak daude ikusgai.

Hurrengo larunbatera arte

Erakusketa, ekainaren 29ra bitarte izango da zabalik, Gurea antzokiko erakusketa gelan, astean zehar, 18:00etatik 20:30era, eta larunbatetan 10:30etik 13:00etara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!