Bigarren sektorean lanpostu gehien sortzen dituen alorra metalgintza da, Gipuzkoan 50.000 inguru. Tolosaldean enpresa gehienek dute metalgintza sektorearekin lotura, eta une honetan, Hego Euskal Herri osoan bezala, langileak borrokara deitu dituzte sindikatuek. Alde batetik, LAB, CCOO eta UGTren deialdia dago. Bestetik, ELA sindikatuarena. Tartean, kritika oso zorrotzak.
LAB, CCOO eta UGT, aste honetan, sektore osoko langileengana zuzendu dira, lurraldeko hitzarmenaren alde hiru eguneko greba deituz. Lehena, astelehenean egin zuten. Tolosan, kotxe karabana egin ostean, 200 lagun inguru elkartu ziren elkarretaratzean Trianguloan. Gaur, asteazkena, bigarren greba eguna izango da. Astelehenean egin bezala, 08:00etan Usabal kiroldegiaren inguruan elkartuko dira euren aldarrikapenak zabaltzeko asmoz. 11:00etan, Tolosako Trianguloan elkarretaratzea egingo dute. Aste honetako azken borroka eguna, ostiralean egingo dute. Kasu honetan, Donostian. 12:00etatik aurrera, manifestazioan irtengo dira Boulevarretik.
ELA sindikatuak bere deialdia lan hitzarmenik ez duten enpresetara zabaldu du. Astelehenean Bergaran egin zuten manifestazioa, eta ostiralean, Tolosan elkartuko dira. Gipuzkoa mailako mobilizazioa izango da, eta hitzordua 11:00etan jarri dute Trianguloan.
Lehen egunetako balantzea egiterako unean, ELA eta LAB sindikatuak gustura agertu dira langileen erantzunarekin. Biek ala biek, euren deialdien balantze positiboa egiten dute, beraz. LAB sindikatuak eskualdeko 20 enpresen izenak jarri ditu mahai gainean, hiru eguneko greba deialdiaren sostengua azaltzeko. ELA sindikatutik, eskualdean bost eguneko grebarekin bat egin duten enpresen zerrendarik ez, baina bai oro har hainbat enpresa txiki eta ertainek deialdiarekin bat egin dutenaren ziurtapena. Bost eguneko greba egiteaz gain, greba mugagabeak ere atera direla nabarmendu dute gainera, Anoetako Maquinados y Montajes aipatuz. Horrez gain, LAB eta CCOO gehiengoa diren lantegietan hiru egunekoa atera dela onartzen dute.
«Adegiren laguntzaile»
Tolosaldeko LABen ordezkaria metalgintzan Mari Mujika da, eta oso kritika gogorrak egin dizkio ELA sindikatuari, metalgintzako borroka deialdien inguruan: «Maiatzaren 24an sindikatu guztiok greba eguna deitu genuen, lurraldeko hitzarmenaren defentsan. Hor hasi zen metalgintzako borroka, ez aste honetan. Ondoren, ELAren aldaketa nabarmena etorri da, eta guretzat, ezustekoa».
ELA eta LABen greba deialdien desberdintasuna ez da greba egunetara mugatzen, Mujikaren arabera: «LABek herrialdeko hitzarmenaren defentsan enpresa guzti-guztietan deitu du greba, bertan barne ituna izan edo ez. ELAk, ordea, erreformari aurre egin dioten enpresak greba deialditik at utzi ditu ofizialki, blindajea lortuta duten enpresak». Mujikak dioenez, «formula hori ez da hitzarmena bultzatzeko egokiena, enpresa garrantzitsuak herrialdeko hitzarmenaren borrokatik kanpo utz ditzakegulako, LABek horregatik bultzatzen du greba enpresa guztietan».
Horrez gain, ELAk esandakoa ere ez duela bete esan du Mujikak: «Madrildik datorren erreforma berriaren aurrean blindaturik dauden enpresak sartzen genituen salbuespen horretan, eta guk, Indar bakarrik ezagutzen dugu baldintza horietan, ELAk 60-70 lantegi aipatzen ditu. Ados. Blindaje horrekin goazen 80 lantegi daudela esatera. Autonomia erkidegoan 3.200 lantegi daude sektorean, %97a blindajerik gabe. ELAk bere formularekin ere sektorearen gehiengoan bultzatu beharko luke bost eguneko greba, baina hori ez da horrela izan».
Tolosaldeko LABen ordezkariak «greba mediatikoa» deitzea leporatu dio ELAri, komunikabideetan bost eguneko greba egin behar dutela zabaldu eta gero, ez dutelako horrela egin: «Eskualdean LABek grebak deitu dituen enpresa askotan ELAko ordezkarien ezezkoa jaso dugu. Non daude grebak? Orbinox, Arretxe, Voith, Pasaban... ELAk ordezkaritza zabala du enpresa hauetan, baina ez du grebara deitu. Hori da ez duguna ulertzen, eta gainera, blindatu gabeko hainbat eta hainbat itun blindaturik dituztela esaten dute. Zein enpresetan lortu dute blindajea, greba ez deitzeko? Ez dakigu. Baina dakiguna da eskualde eta herrialdeko ia enpresa guztietan grebari ezezkoa esan diotela».
Mari Mujika haratago joan da, eta ELAk «bere joko arauekin», Adegiri «bere estrategia» aurrera ateratzen laguntzen diola salatu du: «Ez da metalgintzan bakarrik gertatzen hau. ELAk gehiengo zabala duen beste hainbat sektoretan ere gauza bera gertatu da, eta ez da oraingo kontua, urteetakoa baizik. Egurgintzan, beiragintzan, klinika pribatuetan... urteak daramatzate lurraldeko hitzarmenik gabe, esan bezala, eurak gehiengo absolutua izanda. Mahaia ere ez dute deitzen negoziaketekin hasteko. Eurei enpresaz enpresa hitzarmenak lotzen joatea komeni zaie; afiliazioak igotzea beste helbururik ez dute, eta kaxa egitea. Herrialdeko lan hitzarmena? Pikutara. Hori da atzean dagoen estrategia. Langileek enpresako hitzarmena aplikatzea nahi baldin badute, afiliatu egin beharko dute, eta hori ere bota dute». Mari Mujikaren ustez, LABek sindikatu bezala, «hainbat eta hainbat gauza birplanteatu» beharko lituzke.
«Egokitu egin behar da»
Mikel Zabaleta ELAren ordezkariak «hika-mikan» ez duela sartu nahi azaldu du, eta garrantzitsuena jendeari zer gertatzen ari den azaltzea dela esan du, «azken finean, etorkizunari begira, hori baita garrantzitsuena». Zer gertatzen den azaltzerakoan, ELAren ordezkariak, egoera «konplexua» eta «iluna» dela aitortzen du. Horren aurrean, Gipuzkoako zahar egoitzetan burutzen ari diren borroka molde berdina aplikatzen ari direla metalgintzan azaldu du ELAren ordezkariak: «Lurraldeko hitzarmenak bai, baina baita enpresakoak ere. Gatazka horretan borroka behetik gora abiatu da, hau da, enpresa guztietan antolatu da borroka, modu honetan sektore guztia hankaz gora jarri arte. Horixe da Adegiri presioa egiteko modurik eraginkorrena».
Zabaletaren ustez, patronala ziur dago sindikatuak egoera berrira moldatzeko gai ez direla izango, eta ondorioz, «enpresetan nahi dutena egiteko parada izango dutela». Planteamendu hori irauli beharra dagoela uste du: «Enpresatik abiatzen den borrokak lantegi guztietan eta era berean sektore mailan lan baldintzak ahalik eta hobekien babesteko balio behar du».
Mikel Zabaletak aipatzen duen «egoera berria», Espainiako agintarien erabakietan kokatzen du: «2012ko otsailean Espainiako Gobernuak inposatutako erreforma laboralak orain arte indarrean zeuden lan baldintzak eta negoziazio kolektiboko arauak hankaz gora jarri zituen». Horren aurrean, geldirik ez direla egon esan du ELAren ordezkariak: «Greba orokorrak, mobilizazioak eta hainbat ekintza egin ditugu, baina zoritxarrez, gaurkoz, hori da inposatu diguten errealitatea. Jubilazioekin gertatzen ari den moduan, edo hainbat eta hainbat laguntza publikoekin, orain jendeak baldintza okerragoak dauzka duela urte gutxi batzuk baino».
Aipatu aldaketa hauek sindikatuen borroka moldeetan aldaketak ekarri behar dituela uste du Zabaletak: «Egoera latz hau eta legedi injustu hau aldatzen ez den bitartean, langilegoa eta gizartea oro har ahal dugun modu egokienean defendatzea egokitzen zaigu. Hau da, informatu, antolatu eta modurik eraginkorrenean borrokatu behar dugu. Arauak aldatu egin dizkigutenez, aurreko moldeekin borrokatzen badugu ez gara eraginkorrak izango, eta etorkizunean ondorio eta emaitza txarrak ekarriko dizkigu».
Egun, lurraldeko hitzarmenak ez aplikatzea errazagoa dela dio Zabaletak, erreforma berriak aukera hori eskaintzen baitu, adibidez, «enpresarien aurreikuspenak nahikoa dira hitzarmenetik at gelditzeko; ez dituzte galerak izan beharrik». Alde bakarrekotasuna bultzatzen duten hainbat artikulu aipatu ditu Zabaletak, lan erreforma berrian agertzen direnak, eta horrez gain, «orain, enpresetako hitzarmenak probintzia mailan dauden hitzarmenen baldintzak baino kaxkarragoak izan ditzakete. Lehen modu ilegalean askotan eragiten zutena, orain legala izatea lortu dute enpresariek». Guzti horri aurre egiteko, beste behin ere, borroka moldeak «egoera berrira egokitu» behar direla dio Mikel Zabaletak, «goizago edo beranduago, erasoak etorri egingo dira, erreformak ez baitu enpresa txiki eta handien artean bereizketarik egiten».