«Partida onak egin eta maila berrira egokitzea da orain garrantzitsuena»

Ataria 2013ko ekainaren 19a

Ia bi urtez Asperekin entrenatzen aritu eta gero, jauzia emateko unea ailegatu zaio Erik Jakari (Lizartza, 1994).  San Joan egunez, hilaren 24an, egingo du profesionaletarako debuta, Eibarko Astelena pilotalekuan. «Oso pozik» dago, eta orain pixkana maila berrira egokitu nahi duela azaldu du.

Nola ikusten duzu zure burua asteleheneko hitzorduaren aurrean?

Momentuz, lasai nago. Pasa den ostiralean jokatu nuen azken partida, eta oraindik hura dut buruan, ez genuen partida ona egin, eta galdu egin genuen. Baina, uste dut asteak aurrera egin ahala urduritasunak ere agertuz joango direla.

Espero al zenuen Asperen deia, edo ezustean hartu duzu?

Ez nuen espero, beste gauza batzuk gehiago entzuten baitziren nire debutarena baino. Aspeko Jokin Etxanizekin urte eta erdi neraman entrenatzen, eta nire burua nahiko txukun ikusten nuen. Partidetan eta txapelketetan ere maila polita ari nintzen erakusten, beraz, nire ustez, azkenean, lanaren saria izan da.

Asko itxarondako saria.

Bai. Pilotan gabiltzan guztion ametsa da profesionaletarako jauzia ematea. Aukera hori eman didate, eta oso pozik nago.

Debuteko partida nolakoa espero duzu?

Partida gogorra izango da. Beñat Rezusta oso forma onean dago, pilotari asko ematen dio, eta aurkariarentzat oso pilotari deserosoa da, ez baitio uzten aurrelariari bere jokoa egiten. Ni, berriz, Kepa Peñagarikano nire bikotearekin oso gustura ari naiz jokatzen. Aurrean, badakit Aritz Lasarekin lan zaila izango dudala, pilotari handia delako, baina saiatuko gara gure lana egiten eta itxura ona ematen.

Mikel Olaetxearekin batera, bi lizartzar ariko zarete orain profesionaletan.

Poztekoa da. Mikel beste maila batean dago, eta ez dago nirekin alderatzerik. Bera dagoeneko lehen mailako pilotaria da, eta ni, berriz, oraintxe igo berria. Bestalde, Mikel Asegarcen dago, eta ni, berriz, Aspen. Nik uste dut herrikideak izanik jarriko dutela bion arteko partidaren bat, polita bailitzateke.

Ze helburu jarri diozu zure buruari?

Orain partidak jokatu, ikasten jarraitu eta maila berrira egokitu behar dut pixkana. Seinale ona litzateke onera nabarmentzea. Baina, dena den, garrantzitsuena partida onak egitea eta irudi ona ematea da, eta erakustea maila horretan jokatzeko moduan zarela.

Gaur egun ez da batere erraza profesionaterako pausoa ematea.

Ez. Gaur egun guztia dago lehen baino zailago. Diruaren kontuarengatik, krisiak ere eragin zuzena izan du pilotan, eta ondorioz, enpresek plantilak murriztu dituzte. Garai batean, esaterako, 30 pertsonarentzat lekua baldin bazegoen, ba, gaur egun, 20rentzat baino ez dago. Beraz, hor sartzea lortzeak poz handia ematen du, eta aldi berean, eskertzekoa da zurekin kontatzen dutela ikustea.

Zure ibilbidean zer izan da Zazpi Iturri zuretzat?

Pilotan ia dena izan da niretzat Amezketako pilota elkartea. Lizartzan hasi nintzen pilotan, baina, 11-12 urterekin Zazpi Iturrira pasa nintzen, Xaltonen aginduetara. Giro oso polita izan dugu beti, elkarren artean oso ondo moldatu gara, beti elkarri lagunduz, eta entrenamenduetan ez bada ere, giro horretan jarraitzea gustatuko litzaidake.

Xalton Zabalaz, berriz, zer esango zenuke?

Pilotaren munduan nire aita da. Berak irakatsi dit dakidan guztia, eta gaur egun ere irakasten jarraitzen du. Espero dut aurrerantzean ere horrela izatea.

Atzelari moduan aritzen zinen lehen, baina azken urteetan aurreko koadroetan ari zara.

Aldaketa handia izan zen. Xaltonek eta Aspe enpresako Jokin Etxanizek eta Inaxio Errandoneak hala gomendatuta egin nuen aldaketa. Egia esan, gustura hartu nuen, betidanik gehiago gustatu izan baitzait aurrean jokatzea. Txikia nintzela, gorputzez handia nintzelako-edo atzean jartzen ninduten eta ondo moldatzen nintzelako atzean jarraitu nuen, baina aurrera pasatzeko berria oso gustura hartu nuen.

Pilotari moduan zeintzu dira zure ezaugarriak?

Aurrera egitea asko gustatzen zait, eta askotan nire buruari kalte ere egiten diot ezaugarri horrekin. Asko arriskatzen dut, eta tantoak bukatzea gustatzen zait, airez-eta.

Txapelketetan non ikusten duzu zure burua erosoen, buruz-burukoan, binakakoan ala lau t’erdikoan?

Atzean aritzen nintzenean gehiago gustatzen zitzaidan banakakoa tantoak bukatzeko aukera handiagoa izaten nuelako. Orain, berriz, aurrean aritzen naizelarik, binakakoa gehiago gustatzen zait.

Bereziki atsegin edo jarraitzen duzun pilotaririk?

Ez dut bereziki pilotari bat, baizik eta pilotari bakoitzaren ezaugarri onei begiratzen diet. Aimarren pilotari izate hori miresten dut, Irujoren indarra, eta Xalaren estilo elegantea, esaterako.

Unibertsitate ikasketak ere egiten ari zara. Pilotarekin eta unibertsitatearekin jarraitzeko asmoa al duzu?

Donostian ari naiz psikologia ikasten, eta lehendabiziko urtea bukatu berri dut. Ikasketak nahiz pilotaren mundua oso ondo uztartu izan ditut beti, eta ondo ari naiz bietan, gainera. Beraz, profesionaletarako pausoa emango dudan arren, ez dut ikasketak uzteko asmorik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!