Bihar aukeratuko dute Migel Soroa txapelketako finalerako materiala

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko eka. 18a, 11:27

Elite mailan Artola eta Tolosa, Arrieta eta Gorrotxategiren aurka ariko dira txapela eskuratzeko lehian

Migel Soroaren omenez lehenengoz antolaturiko Ogi Berri Txapelketa iritsi da ia, amaierara, eta San Joan jaien atarian, maila guztietako finalak jokatuko dituzte, larunbat honetan, Beotibar pilotalekuan. Horren aurretik, ordea, bihar, materiala aukeratuko dute pilotariek, 16:30ean.

Azken jardunaldia pasa den larunbatean jokatu zuten, eta norgehiagokak amaitu eta gero, kadeteen mailan Bakaikoa-Urdanpilleta bikotea Errandonea-Etxeberriaren aurka ariko da finalean.

Etorkizuneko pilotarien mailan, berriz, Dario-Sarasa eta Espinal- Ibarrondoren artekoa izango da finala. Azkenik, elite mailako lehian, Artola-Tolosa bikoteak edo Arrieta-Gorrotxategik jantziko du txapela.

Larunbatean 16:30ean hasiko dira partidak, Beotibarren, eta aipatzekoa da, sarrerak eskuragarri direla jada. Aurrez erosi nahi dituenarentzat 4 euroko prezioa izango dute, eta bertan erosten dituenak, berriz, 6 euro ordaindu beharko du. Sarrerak aurrez eskuratu ahal izateko, 688 61 18 51 telefono zenbakira deitu behar da.

Oinatz, hirugarren postuan

Profesional mailako Buruz Buruko Txapelketan hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu dute asteburuan, eta Bengoetxea VI.ak irabazi du Urrutikoetxearen aurka, 22-14ko emaitzarekin. 15 tanto kolpe batean egin zizkion, eta hirugarren postua eskuratuz, datorren urteko Buruz Buruko Txapelketan ez da aurtengo txapeldunaren aurka lehiatuko, finalera iritsi arte.

Herriartekoak ere amaitzear

Herriarteko txapelketak ere amaierara heltzen ari dira, eta pasa den asteburuko emaitzekin, finalerdietarako partidak erabaki dira jada.

Final laurdenetan, Tolosak eta Bidegoianek egin dute aurrera; hernaniarrei irabazi egin diete norgehiagoka tolosarrek, kadete eta jubenil mailako partidak irabaziz. Bidegoianek Astigarragari irabazi zion neurketa, eta, orain, finalerdietan topatuko da Tolosarekin. Beste finalerdia Oiartzun eta Azkoitiaren artekoa izango da. Zizurkilek txapelketa txukuna egin du, baina ezin izan dio Oiartzuni irabazi.

Zesta puntari dagokionez, berriz, Tolosak ez du finalera heltzerik izan. Larunbat honetan jokatuko da, kasu honetan ere, finala. Beotibar pilotalekuan izango da, 11:00etatik aurrera, eta Zumaia edo Mutrikuko taldea izango da txapela jantziko duena.

Zazpi Iturri, finalik gabe

San Joan bezperan izango da, Hernanin, Berria Txapelketako finala, eta Zazpi Iturriko amezketarrek ez dute txapela eskuratzeko aukerarik, Huarte nafarren aurka 3-0 galdu eta gero. Finala Markina eta Huarteren artekoa izango da, beraz. Aipatzekoa da, amezketarren taldean jokatu gabe geratu zirela zenbait pilotari; kadeteetan Erasun eta Egigurenek ezin izan zuten aritu, eta jubeniletan Altunak eta Irribarriak ere ez. Halaber, Jakak eta Tolosak ere ez zuten jokatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!