Iker Karrerak Europako Mendien lasterketa irabazi du

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko ekainaren 18a

Probako marka ezarri du amezketarrak, 74 kilometroko ibilbidea 11 ordu eta 21 minututan egin eta gero

Iker Karrera mendi lasterkari amezketarrak beste garaipen bat lortu du, Europako Mendien lasterketa irabaziz. Bertako marka hobetu du, gainera, 11 ordu eta 21 minututan lanak eginez.

Lasterketak 74 kilometroko ibilbidea du, maldan gora 6.550 metro, eta maldan behera 6.585 metro eginez. Karrera «oso pozik» azaldu da egindakoarekin: «Lasterketak oso teknikoa, gogorra eta zaila izatearen fama du, baina horrez gain, ederra dela ere beti esan izan da. Gaur [larunbata] hori guztia berretsi ahal izan dut». Probaren zati handi bat bakarrik egin zuen, eta elurretan gainera, zenbait zatitan; gogorra zegoenez, ordea, denbora ona egiteko balio izan zion.

Asteburuko proba gogorraren ondoren, atseden pixka bat hartuko du Iker Karrerak, datorren uztailaren 20ra bitarte. Izan ere, Suitzako Eiger Ultra Trail proban parte hartuko du amezketarrak, aurreikuspenen arabera; 101 kilometro burutu beharko dituzte norgehiagokan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!