Pilota txapelketak, puri-purian

Tolosaldeko Ataria 2013ko eka. 14a, 08:57

Pilota txapelketak pixkana finaletara iristen ari dira, eta horren adibide dira asteburuan jokatuko diren bi finalerdiak. Batetik, Ogi Berri Txapelketaren finalerdietako bigarren jardunaldia jokatuko da Tolosako Beotibar frontoian. Bestetik, Berria Txapelketaren finalerdia jokatuko du Amezketako Zazpi Iturri taldeak.

Migel Soroaren oroimenezko I. Ogi Berri Txapelketaren finalerdiak bihar, larunbata, jokatuko dira, 17:00etan hasita. Ohi bezala, kalitate handiko partidak ikusi ahalko dira. Lehenengo partidan, etorkizuneko mailan, Dario-Sarasa eta Elordi-Erasun ariko dira. Bigarrengoan, elite mailan, Artola-Tolosa eta Agirre-Telletxea nor baino nor ariko dira. Hirugarrengoan, kadete mailan, Peña-Mendia eta Errandonea-Etxeberria ariko dira elkarren aurka.

Zazpi Iturri elkarteak norgehiagoka zaila izango du, igandean, Zestoan, 17:00etan, Huarte taldearen kontra jokatu behar duen Berria Pilota Txapelketan. Amezketako taldeko sei pilotarietatik bakarra izango da titular moduan jokatu ohi duena, hau da, kadete mailako Erauskin. Beste bostak, zenbait txapelketa edo osasun arazo direla medio, ezingo dute igandean parte hartu. Hala, kadete mailan Iturbe-Erauskin ariko dira; jubenil mailan, Zubiria-Alberdi; eta nagusietan, Apezetxea-Santxez.

Xalton Zabala Zazpi Iturri taldeko arduradunak azaldu duenez, finalerdia irabaztea oso zaila izango dute. Txapelketa aurkeztu zenean, garai honetan izango ziren arazoak azaldu zituela gogora ekarri ditu Zabalak: «Herriartekoa, Mallabiakoa eta Migel Soroaren oroimenezkoa jokatzen ari dira San Joan jaien inguruan. Pilotariek ezin dute denetan parte hartu».

Herriartekoan, itzulerakoak

Herriarteko Pilota Txapelketaren final-laurdenak daude jokoan eskuzko modalitatean. Asteburuan itzulerakoak jokatuko dira. Bidegoianek Astigarragaren aurka gaur jokatuko du, etxean, 19:30ean hasita. Tolosak Hernaniren aurka jokatuko du igandean, kanpoan,  10:45ean hasita. Zizurkilek ere igandean jokatuko du, Oiartzunen aurka, kanpoan, 16:30ean hasita.

Udaberri Txapelketa

Bestalde, Udaberri txapelketan, Zizurkilen bi partida izango dira jokoan, gaur, 19:00etan hasita. Ikaztegietan ere gaur jokatuko dira txapelketa horretako hiru partida, 19:30ean hasita.

Zimiterioko XI. Pilota Txapelketa, hastear

Zizurkilgo Ziotza Kirol Elkarteak hamaikagarren urtez Zimiterioko binakako esku pilota txapelketa antolatu du. Zizurkilgo elizari atxikita dagoen frontoi berezi horri bizia emateko sortu zen txapelketa herrikoi hori, eta hamaika urte geroago, erabat errotu dela esan daiteke. Iaz 14 bikotek hartu zuten parte.

Iritsi da aurtengorako izena emateko garaia ere. Ekainaren 16ra arte egongo da zabalik horretarako aukera. Bete beharreko baldintza bakarra esku pilotan aritzeko gogoa izatea da. Izen emateak, bikote bakoitzeko 10 euroko balioa du, baina sariak ere ez dira nolanahikoak izango. Irabazleak, txapela, garaikurra, 100 euro eta afaria bereganatuko ditu. Azpitxapeldunak, garaikurra, 50 euro eta afaria. Hirugarren eta laugarren geratzen diren bikoteek, afari bana irabaziko dute. Lehenengo bikote zizurkildarrak, berriz, 30 euro eskuratuko ditu. Izena emateko zenbaki hauetara dei daiteke: 616 96 11 53 edo 649 703 472.

Beste zenbait herritan bezala, zimiterioa da jatorriz Zizurkilek pilotan ibiltzeko zuen txokoa. Oso frontoi berezia da; alturaz baxuagoa, bost koadro besterik ez ditu, eta atzeko pareta erdiraino soilik iristen da. Alboetan bi poste daude gainera, pilotarien jarduna baldintzatu dezaketenak.

Nahi duen edonork aukera paregabea izango du datozen asteetan frontoi honen xarmaz gozatzeko. Kanporaketa partidak larunbat arratsaldetan izan ohi dira eta finala berriz, ohi bezala, Zizurkilgo Amabirjin jaietan jokatuko da, aurten, abuztuaren 17an. Gauez jokatzen da finala eta jendetza hurbiltzen da ikuskizunaz gozatzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!