Udalek jasotzen duten zerbitzua bere osotasunean ordain dezatela nahi du eskualdeko hondakinen mankomunitateak, Eneko Maioz eta Amaia Azkuek argitu dutenez. Tolosaldeko Mankomunitateko bi ordezkariek «orain arte gestio desegokia» egin dela azaldu dute, eta horrek, bere ondorioak dituela: «Urte askoan zehar ez dira aplikatu igo beharreko kostuak, hala nola, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketari dagozkionak, eta beraz, orain hori ere egin beharra dago».
Eneko Maioz hondakinen mankomunitateko ordezkariak esan duenez, «igoera hau ez da mankomunitatearen gastuak igo direlako, edo bestelako arrazoiengatik. Herriek orain arte ordaindu dutena ez da erreala izan, eta herriak euren posibilitateen gainetik bizi izan dira». Erabaki horiek mankomunitatean eragin zuzena izan dutela azaldu du Maiozek, «soberakinetan eta aurrekontuetan bezala».
Orexarraren esanetan, 2009az geroztik, soberakinetatik ordaindu da herriek mankomunitateari eman beharrekoaren zati bat, erakundearen aurrekontua igo arren, herriek ordaindu beharreko kuota ez delako igo. Eneko Maiozek argi utzi nahi izan du, soberakina inbertsioak egiteko dela, eta ez herrien kuotak ordaintzeko, «hori ez baita gestio egokia; herriek asumitutako gastua baino zerbitzu garestiagoa jasotzen dute».
Bidegoian izan ezik, eskualdeko gainontzeko udalak Tolosaldeko Mankomunitatean daude, Andoaingoarekin batera. Amaia Azkueren eta Eneko Maiozen esanetan, erakunde autofinantziatua izan behar du Tolosaldeko Mankomunitateak, eta helburu horrekin, «herriei orain esfortzu hau eskatzen zaie, kudeaketa desegoki hau errotik aldatzeko».
«Bada beste aukera bat»
Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkariek, erakundeak berak hartutako bidea aldarrikatu dute, alternatiba badela azaltzeko: «Horrela adierazita, udalei euren kostuak igoko zaizkiela esaten ari garela badirudi ere, ez dauka horrela izan beharrik. Izan ere, mankomunitateak hartu duen bideak, batetik, organikoa ahal den neurrian herrietan kudeatuz, eta bestetik, gaika ongi sailkatzea lortuz, birziklatze datuak biderkatuz, orain arteko sistema baina jasangarriago eta merkeagoa izatea ekarriko baitu».
Herritarrek ahalik eta gastu gutxien asumitzea lortu behar dela gaineratu du Maiozek, eta hori, «guztion ahaleginarekin» lortu daitekeela nabarmendu du.
Konpostagailuen eta hondakinen gaikako bilketaren bidea eraginkorrena izateaz gain, ekonomikoki «bideragarriena» dela esan du Amaia Azkue mankomunitateko ordezkariak: «Hondakinen sistemen gainetik kokatzen gara, helburua, ahalik eta gutxien sortu, berrerabili eta ahal den guztia birzkiklatzea da, horrek kudeaketa kostuetan zuzeneko eragina duelako».
Bilketa sistemaren inguruan, «herrien izaeraren arabera», eredu bat edo bestea eramango dutela aurrera esan du Amaia Azkuek.
Hondakinen mankomunitatearen helburua Tolosaldea zero zabor eskualdea izatea da, eta horren gakoa, ahalik eta zabor gutxien sortzean dagoela azaldu dute Maiozek eta Azkuek: «Helburua, zabortegietara ahalik eta hondakin gutxien eramatea da, eta horretarako, hondakinak ongi sailkatzea da oinarria. Horrela, egungo ereduak mantentzen dituen zabortegietatik urrun egongo den eskenatokian kokatuz».
Mankomunitateko kontuak, «orain arte ez bezala», gardentasunez eta arduraz eramateko asmoa agertu dute erakunde horretako ordezkariek: «Herritarrei konpromisoa eskatzen zaie aldi oro, hondakinen kudeaketan eurak direlako subjektu garrantzitsuenak, baina aldi berean, Tolosaldeak, herriek eta norbanakoek, ahalegina guztiok egiten ari garela ikusi behar dute».