Urriaren 17an Herritar Batasunaren aurkako epaiketa hasiko da, 11 urteko instrukzioaren ostean. Tartean, 40 euskal herritar independentista eta 95 elkarte inguru daude. Leitzan epaiketa salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur, 20:00etan, plazan.
Leitzako Sortutik azaldu dutenez, «ez da albiste ona hainbeste urte luzatu eta gero orain epaiketa egin nahi izatea». Epaiketak Aieteko Konferentziaren bigarren urteurrenarekin bat egingo duela ere nabarmendu dute, eta hau, Espainiako estatuak «Aieteko Adierazpenari ematen dion erantzun tragikoa» dela aipatu dute Sortutik: «Euskal Herrian gaur egun dugun egoera politikoan, epaiketa hau bake eta normalizazio demokratikorako prozesuaren aurkako eraso gisa hartzen dugu. Noski, ez da prozesu hau saboteatzeko estatuak eragin duen aurreneko erasoa, ezta azkena izango ere, baina ezin ukatu eraso handia eta bortitza dela».
Estatua ezker abertzalearen eragile politiko nagusiaren kontra jotzen ari dela uste dute Leitzako Sortutik, «independentismo osoa erasotuz». Horregatik, ekimen zabalagoetan parte hartzeaz gain, «guk gure kabuz ere erantzun behar dugu, gurea, proiektu independentista babestuz eta bultzatuz», esan dute Sortukoek. Horren harira, herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko eskatu diete.
Bestalde, Jone Lozano aresoarrari ezarritako zigor berezitua bertan behera uzteko eskatu dute Sortutik: «Gure herritarrak jada bi urte pasa daramatza Frantziako, Lyon Corbas, espetxean preso. Euskal preso politikoen eskubideak etengabe urratzen dituzte Frantziako zen Espainiako gobernupean dauden espetxeetan». Dispertsioa gogor salatu nahi izan dute, izan ere, «Joneren senide eta lagunak, bera ikusteagatik astebururo -astebururo, kondenaturik daude 2.000 kilometro egitera bi ordu eskas Jonerekin egoteko. Dispertsioarekin amaitu beharra dago, hau da senide eta lagunei ezartzen dieten zigorra».
Horrez gain, kezkaturik agertu dira espetxe barruko egoerarekin: «Azken boladan, Lyon Corbaseko espetxean giro nahasia dago, funtzionarioek euskal presoekiko duten jarrera oldarkor eta errepresiboagatik. Hau gutxi ez eta, iragan astean, Joneri eta euren senide eta lagunei zigor berezi bat ezarri zieten, asteroko bisitak kristal bat tarteko egitera behartuz. Zergatik eta, funtzionarioen hitzetan Jonek ‘ironiaz’ hitz egin zielako aldi batean. Etengabeak dira jasaten dituzten mehatxuak, irainak, eskubide urraketak...».
Egoera honen aurrean, Sortutik espetxeko zuzendariari eskutitza bidaltzea proposatu dute, «Lyon Corbaseko kartzelako zuzendari den Alain Ponpigne-ri Euskal Preso Politikoen eskubideak errespeta ditzala eskatzeko». Beraz, «Respectez les droits des prisonniers politiques basques!» dioen gutun bat idaztea eskatu dute, ondorengo helbidera bidaltzeko: «Directeur de la prison/ Alain Ponpigne/ M.A. Lyon-Corbas 40 bld. Des Nations/ BP 351/69962 Corbas Cedes/France».
‘Diztela!’, larunbatean
Ekainaren 15ean Diztela! ekimena egingo dute Leitzan, I. Alde Hemendik nazio egunaren barruan. Egitaraua http://leitzekogaztetxea.blogspot.com.es/2013/06/ekanen-15en-diztela.html webgunean zintzilikatu dute.