Euskal Herriko Haur-Gaztetxoen Kantu Txapelketaren finala izango da Burlatako kultur etxean, igandean, 16:00etan. Bada, Tolosaldeko eta Leitzaldeko hainbat artista gazteek lortu dute aurtengo finalera iristea. Hain zuzen ere, Lizartzako Iratxoak eta Zazpiak bat taldea, Leitza-Lesakako taldea eta Villabonako Nora Urdanpilleta ariko dira kantuan beste hainbat artistarekin batera.
Guztira 103 kantari ariko dira oholtza gainean, horietatik 9 bakarlari, 5 bikote eta 14 talde. Lizartzako Iratxoak eta Leitza-Lesaka taldeek 6-11 urteen kategorian, hau da txikienean hartuko dute parte. Baita Nora Urdanpilletak ere, baina billabonatarrak banaka abestuko du. Lizartzako Zazpiak bat taldeak, berriz, gaztetxoen kategorian hartuko du parte, hau da, 12-15 urte artekoan.