Emakume eskopetariek abiaraziko dituzte «urtero berritzen diren sanjoanak»

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko eka. 13a, 11:24

Asteburu honetako jarduerekin girotuko dituzte, Tolosan, hilaren 21ean hasiko diren San Joan jaiak

Aurtengo Sanjoanak aurkeztu zituzten atzo, udaleko eta jaietako hainbat ordezkarik.

Hamar egun barru, udako solstizioari harrera egingo dio San Joan suak, eta izpiritu txarrak atzean uzteko usadioari jarraituz, hamaika herritarrek salto egingo dute garraren gainetik. Jaiak iragarriko dituen suziria, berriz, duela 30 urte emakume eskopetarien Lizardi konpainia sortu zutenek piztuko dute; izan ere, eta Ibai Iriarte alkateak azaldu moduan, «urtez urte berritzen diren jaiak dira sanjoanak, tradizioa eta berrikuntza uztartuz». San Joan jaien aurretik, beste hainbat jarduera ere izango dira Tolosan asteburu honetan, eta horren harira aurkeztu dute jaietako egitaraua.

Aurkezpenean, alkatearekin batera, kuadrillen eguneko Iñaki Letamendia eta Miriam Jauregi antolatzaileak, Lizardi eskopetarien konpainiako Kakun Etxeberria eta aurten alardeko kapitaina izango den Juan Joxe Odriozola izan dira.

Aurten Lizardi eskopetarien konpainia bereziki omendu nahi izan du udalak, eta horrela, emakume eskopetariek botako dute txupinazoa, datorren ekainaren 21ean: «Duela 30 urte eman zuten pausoa gogora ekarri nahi izan dugu; izan ere, gaur egun emakumezkoak eskopetariz jantzita normaltasun osoz ikusten baditugu, eurek emandako pausoari esker da», azaldu du Ibai Iriarte alkateak. Honen harira, gainera, eta tradizioa eta jaiei dagokienez, herritar talde batek mahaia sortu du aurten, eta beren bilkuretan egindako hausnarketak biltzen dituen testua argitaratu dute jaietako egitarauan. Besteak beste, ohiturak eta erritualak bereziak ez direla diote, eta jarduera bat behin eta berriro errepikatuz sortzen direla. Horrela beraz, Tolosako Udalak ere bat egin du gogoetarekin, eta «jai parte hartzaile, herrikoi nahiz parekideak» sustatu nahi dituzte.

Tradizio eta berrikuntzen jaiak

Egitarauan urteroko tradizioak nahiz berrikuntzak bildu dituzte udalak eta herriko eragileek, baina ekainaren 21eko txupinazoaren aurretik, asteburu honetan bertan ere sanjoanetako bezperez gozatzeko azoka berezia, Beantatuz graffiti eta mural erakusketa, sagardo dastaketa nahiz txistulari alardea izango dira Tolosan.

Festa girorik beroena, ordea, kuadrilla egunean iritsiko da Tolosara, hilaren 22an. 11:00etan kuadrillen txupinazoa jaurtiko dute, eta txaranga eta dultzaina doinuekin batera egingo dute hamaiketakoa. Kolorez beteko dira kaleak, bai kuadrillen kamiseta eta blusekin, eta baita aurten gaitzat proposatu duten banderekin ere. Poteoaren ondoren, 14:00etan, bazkaria izango da Euskal Herria plazan, eta antolatzaileek azaldu dutenez, 1.600 lagun elkartuko dira.

Aurten, gainera, bazkalondoko erromeriaren ondoren, ohiturazko Larrain dantza Euskal Herria plazan bertan izango da.

Hurrengo egunean, ekainaren 23an, solstizio berriari etorrera emanez, San Joan sua izango da ekitaldi nabarmenena; 22:00etan piztuko da Santa Maria plazako sua, eta Tolosako Musika Banda ariko da lehenik. Udaberri dantza taldeak urteroko dantza emanaldia eskainiko du jarraian, eta abesbatzak San Joan zortzikoarekin biribilduko du, gauerdi aldera, ekitaldia.

Suak utzitako errautsek ongi etorria emango diote ekainaren 24ko egun handiari, bertan parte hartuko baitute tolosar guztiek, bordondantzari, eskopetari nahiz ikusle moduan. Urteroko egitaraua izango da aurtengoa, baina aipatzekoa da, eskopetarien alardeak 25 urte beteko dituela; Joxe Joakin Odriozola izango da, konpainia guztien gidari.

San Joan egunarekin amaituko dira aurtengo jaiak, arratsaldeko aurreskuarekin, eta gauean su artifizialekin.

_________________________________________________________________________________________

Tolosa & Co elkarteak ere sanjoanak ospatu nahi ditu, promozio bereziekin

500 euroko sei sari zozketatuko dituzte uztailaren 5ean, sanjoanetako bezeroen artean

Urtero moduan, Tolosako merkatari, zerbitzu eta ostalarien Tolosa & Co elkarteak, sanjoanetako promozio berezia antolatu du herriko jaietara begira. Besteak beste, 500 euroko 6 sari banatuko dituzte bezeroen artean.

Helbururik behinena, herritarrak Tolosa & Co elkarteko establezimenduetara bertaratzea da, eta aipaturiko zozketetan parte hartu ahal izateko, bezeroek dendetan jarriko dituzten orriak bete beharko dituzte, beren datuekin.

Modu honetara, datorren uztailaren 5ean burutuko duten zozketan sartuko dira zuzenean: 13:15ean egingo dute zozketa, Tolosa & Co elkarteak Emeterio Arreseko gizarte zentroan duen egoitzan.

Dendak ere festa giroan

San Joan jaietan ohikoa den bezala, Tolosa & Co elkarteko merkatari eta ostalariek ere bat egingo dute, datorren ekainaren 24an kaleak lizarrekin apaintzeko ohiturarekin.

Horrela, beraz, erakusleiho eta dendetan dantzarien arkuak jarriko dituzte apaingarri moduan, eta San Joan egunean bertan, hilaren 24an, elkarteko establezimendu bakoitzaren atean lizar hostoak jarriko dituzte.

Hala, Tolosa & Co elkarteak jaietan ondo pasatzeko deia egin die herritarrei.

 

Sanjoanak 2013, egitaraua

Ekainak 15, larunbata

* Beantatuz graffiti eta mural erakusketa, herrian barrena.

09:00. Trianguloan, sanjoanetako azoka berezia, Euskal Herriko produktuekin.

09:00. Giroarte dultzaina taldea kalez kale ibiliko da.

09:00. Gernikako arbolan 3x3 kale saskibaloia, XIV. San Joan saria.

10:00. Beotibarren, Tolosako Zesta Punta Eskolak antolatuta, XXII. San Joan zesta punta jaia.

15:00. San Frantzisko pasealekuan 3x3 kale saskibaloia.

16:30. Beotibaren, Migel Soroaren omenezko Ogi berri txapelketako finalerdiak.

18:00. Usabalen, San Joan eskubaloi sariko finalak.

19:00. Berdura plazan, Tolosako San Joan sagardo txapelketa. Doako dastaketa izango da. Antolatzailea: Batasuna elkartea.

21:00. TOPA koordinakundeak antolaturiko aldarrikapen kontzertuak, Plaza Berrian: Atila y los Unos, La jodedera eta Humus.

Ekainak 16, igandea

11:00. San Frantzisko pasealekuan, herrialdeko erretirodunen toka lehiaketa, Harizpe elkarteak antolatuta.

12:00. Txistularien alardea Berdura plazan.

19:00. Tolosako Hodei Truk eta Alegiako Txintxarri Txiki abesbatzen kontzertua Berdura plazan.

Ekainak 21, ostirala

10:00. Mus txapelketa erretirodunen Iturriza elkartearen egoitzan.

18:30. Jaien hasiera iragarriko duen suziria jaurtiko dute Lizardi eskopetari konpainiako emakumeek, udaletxeko balkoitik. Horrekin batera, kanpai hotsa ere entzungo da.

18:30. Erraldoi eta buruhandien konpartsaren ireera, Tolosako Dultzaineroek lagunduta, Plaza Zaharretik.

18:30. Iraunkorrak txaranga kalez kale ibiliko da.

19:00. Topic-en, Txinparta elkarteak antolatutako Tolosako margolarien XLVII. erakusketaren inaugurazioa. Ekainaren 25a bitarte zabalik izango da.

19:30. Usabal kiroldegian, kuadrillen arteko Tolosa Kup areto futbol txapelketako finalak.

20:30. Leidor aretoan, Sortuko dira besteak emanaldia.

23:00. Euskal Herria plazan, kontzertua, Keltiar Aldearen eskutik.

Ekainak 22, larunbata

* Herriko sei erretirodun zaharrenei omenaldia egingo diete, Harizpe elkarteak antolatuta.

10:00. Usabal kiroldegian igeriketa probak: XLIV. San Joan saria.

11:00. Beotibar pilotalekuan, zesta puntako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finala.

11:00. Haurren entzierroa, Plaza Berritik Zezen plazaraino.

11:00. Tolosako kuadrillen eguna hasiko da Plaza Berrian. Txosnagunean hamaiketakoa izango da, Bonberenea txarangak eta Giroarte dultzaina taldeak alaituta.

12:00. Kuadrilla eguneko txupinazoa Plaza Berrian.

12:00. Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren irteera Plaza Zaharretik, Tolosako dultzaineroek lagunduta. Zezen plazaraino joango dira.

14:00. Euskal Herria plazan, kuadrillen herri bazkaria.

16:30. Euskal Herria plazan, erromeria Ai Ene tadearekin.

16:30. Beotibar pilotalekuan, Migel Soroaren omenezko Ogi Berri txapelketako finalak.

18:00. Haurren erromeria Lopez Mendizabal plazan.

18:00. Larrain dantza Euskal Herria plazan Tolosako Dultzaineroak taldearekin.

18:00. Herri kirolen erakustaldia Trianguloa plazan: Unai Otaño eta Fausto Mugerza aizkolariak; Joseba Ostolaza eta Joseba Esnaola Perras harri-jasotzaileak, eta Izaskungo nesken Sokatira taldea.

18:30. Kalejira Mulambo perkusio taldearekin, Euskal Herria plazatik Plaza Berrira.

20:00. Plaza Berrian Rockalean elektro txaranga.

23:30. Plaza Berrian kontzertuak Konbenio de metal eta Peachy Joke talde tolosarren eskutik.

Ekainak 23, igandea

09:00. Diana, Giroarte dultzaina taldearekin.

09:00. Txirrindularitza proba: Tolosako Emakumeen I. Sari Nagusia.

11:00. Goizez eta arratsaldez haur jaialdia Alondiga plazan: gaztelu puzgarriak, ohe elastikoak...

12:00. Tenis txapelketako finalak Berazubin.

12:30. Jainekin txaranga kalez kale ibiliko da.

17:00. Txistularien kalejira, antzinako erronda bidean barrena.

18:00. Euskal Herriko errekortariak zezen plazan.

18:30. Jainekin txaranga kalez kale ibiliko da.

19:30. Bertso saioa Zerkausian: Oihana Iguaran, Amaia Agirre, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Jexuxmari Irazu eta Iker Zubeldia.

20:00. Berdura plazan Isidro Larrañaga akordeoi orkestraren kontzertua.

20:00. Arrameleko San Joan kaperan bezperak eta konpletak.

22:00. San Joan sua piztuko dute Santa Maria plazan, udalbatza bertan dela. Tolosako Musika Banda ariko da, eta ondoren Udaberri dantza taldeak emanaldia eskainiko du. Jarraian, Tolosako Orfeoia ariko da.

23:00. Plaza Berrian Glaukoma eta Anai Arrebak taldeen emanaldiak.

23:00. Lopez Mendizabal plazan dantzaldia Son Kandela eta Tsunami taldeekin.

Ekainak 24, astelehena

07:00. Zinegotzien deia Tolosako Txistulari Bandaren eskutik.

08:30. Diana, Tolosako Musika Bandarekin.

08:45. Diana, Tolosako eta Iruñeko Txistulari Bandekin.

09:00. Diana, Tolosako Dultzaineroak taldearekin.

09:00. Txirrindularien irteera, XL. Jose Maria Anza memorialean. Oriako txirrindulari eskolak antolatuta.

09:30. Plaza Zaharrean eskopetariak eta Tolosako Musika Banda bilduko dira. Diana, desfilea eta, ondoren, San Joan Alardea.

10:00. Meza Nagusia Santa Maria parrokian; segidan prozesioa. Jarraian, udal agintariak udaletxetik aterako dira desfilean bateratzeko eta baita Tolosako Bordondantzariak, Udal Txistulariak eta Musika Banda ere. Tolosako erraldoiek parte hartuko dute ibilbide osoan, eta Euskal Herrian plazan eskopetarien konpainia guztiak elkartuko dira agintariekin, salbak botatzeko.

10:30. Oria ibaian batel estropadak.

11:45. Txirrindulari probaren amaiera.

13:00. Berdura plazan kontzertua izango da, Tolosako Musika Bandarekin eta Tolosa eta Iruñeko udal txistulariekin.

16:45. San Joan bezperak Santa Maria elizan.

17:00. Udalbatza, Tolosako Musika Banda, txistulariak, bordondantzariak eta eskopetariak Plaza Zaharretik abiatuta Santa Maria plazan elkartuko dira, ondoren Arramelera joateko.

17:15. Arrameleko konpletak.

17:40. Udalbatza, bordondantzariak, txistulariak, Tolosako Musika Banda eta eskopetarien konpainiak Trianguloan bilduko dira, bertan azken tiroak egiteko. Udalbatzak esku-aldatzeko soinua eskainiko du, eta ondoren, udalbatza Zumardiaundira joango da, tradiziozko aurreskoa bertan dantzatzeko.

18:00. Zezen plazan zezentxoak eta pottokak haurrentzat.

19:30 eta 22:30. Kalean txaranga kalez kale ibiliko da, herria doinuz alaitzen.

23:00. Su artifizialak izango dira, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!