Jaunarenak aurrera egin du San Fermin Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2013ko eka. 11a, 13:49

Jon Jaunarenak aurrera egiten jarraitzen du. Pasa den urtean bigarren mailan hiru txapelak irabazi ondoren, aurten itxura oso ona eman du buruz buruko txapelketan, beste leitzar batek, Bengoetxeak kanporatu zuen arte. Igandean, bada, Eibarko Astelena frontoian San Fermin txapelketako lehen kanporaketan erraz gailendu zitzaion Ezkurdiari.

Partida hasieran, Arbizuko pilotaria aurreratu zen. 4-6ko markagailua izatera iritsi zen Ezkurdia bere alde, baina Jaunarenak sakea berreskuratu eta 15 tanto egin zituen jarraian. Guztira, zazpi tanto egin zizkion sakez.Azkenean, 35 minutuko partidaren ondoren, 22-9 amaitu zen.

Txapelketako hurrengo aurkaria Julen Retegi izango du. Hau mendean hartuko balu, Abel Barriola izango du hurrengo aurkaria, eta honi ere irabaziko balio, finala jokatu aurreko azken partida Martinez Irujoren aurka jokatu beharko luke.

Tolosa eta Bidegoian, aurretik

Herriarteko Pilota Txapelketako joaneko partidetan, aurre hartu dute Tolosa eta Bidegoiango taldeek. Zizurkilek, berriz, gutxienez bi partida irabazi beharko ditu itzuleran aurrera egin nahi badu.

Tolosarrek Hernaniren aurkako kadete eta jubenil mailako partidak irabazi zituzten. Gazteenek 22-10  irabazi zuten; jubenilek, ostera, 22-16ko emaitzarekin egin zuten. Helduen mailan, erraz irabazi zuen Hernanik, 22-4 gailendu ondoren. Gauzak honela, tanto kopuruan berdinduta dira bi taldeak, baina Tolosako taldeak bi partida irabazi dituenez, aurretik da.

Gauzak hobeago daude Bidegoian aldean. Astigarragaren aurka jokatu zituzten partidak, eta tolosarren moduan, kadete eta jubenil mailetan irabazi zuten, 22-10 eta 22-18ko emaitzekin. Helduen mailan, 17-22 galdu zuten.

Zizurkildarrek, partida bakarra irabaztea lortu zuten Oiartzunen aurka, kadete mailakoa. Garin eta Arregi 22-10 nagusitu ziren. Baina beste bi partidetako porrotek, eta bertako tanto aldeek gauzak zail jartzen dizkiete zizurkildarrei. Jubeniletan 14-22 galdu zuten, eta helduen mailan, berriz, 5-22.

Asteburu honetan jokatuko dira itzulerako partidak. Ostiralean jokatuko du Bidegoianek etxean, 19:30ean. Tolosarrek, Hernanin jokatuko dute igandean, hamarretan. Arratsaldeko lauetan jokatuko du Zizurkilek Oiartzungo pilotalekuan.

Bestalde, BERRIA Txapelketatik at geratu da Bidegoian, Aurrera Saiaz taldearen aurka galdu ondoren. Kadeteetan, 7-4 amaitu zen partida, jubeniletan, 22-15 galdu zuten, eta helduen mailan, 19-22 irabazi.

Ogiberri txapelketa

Miguel Soroaren oroimenezko I. Ogiberri Txapelketako lehenengo finalaurrekoak jokatu ziren asteburuan. Kadete mailan, Bakaikua eta Urdanpilletak 22-12 irabazi zioten Laso eta Oscozek osatutako bikoteari. Jubeniletan, Espinal eta Ibarrondok 22-10 irabazi zieten Labaka eta Agirreri. Helduen mailan, berriz, Arrieta eta Gorrotxategi 22-11 gailendu zitzaien Jaka eta Arratibelek osatutako bikoteari.  Datorren asteburuan bigarren finalaurrekoak jokatuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!