Inaxio Perurenak ezin izan du 303 kiloko harria jaso

Tolosaldeko Ataria 2013ko eka. 11a, 13:46

Inaxio Perurenak ez du 303 kiloko harria jasotzeko helburua bete. Indar erakustaldi handia egin arren, leitzarrak ez zuen harria sorbaldan berdintzea lortu.

Jende ugari bildu zen Leitzako Amazabal pilotalekuan, Perurena gazteak bere buruari luzatutako erronkak deituta. 300 kiloko harria jaso eta ia lau hilabetera, hiru kilo gehiagoko harria altxa nahi izan zuen.

200 kilokoarekin egin zituen beroketa lanak. Lehenengoa, gerriraino altxa zuen, eta bi jasoaldi egin zituen ondoren. Jarraian, 250 kilokoarekin probatu zuen. Gerriraino ekarri eta bota zuen. Hurrena, jada, 303koarekin egin zuen.

Epaileek txistua jo bezain laster heldu zion harriari Perurenak indarrez. Gerriraino ondo altxa zuen harria, baina buelta eman eta bularraldera eraman beharreko unean zailtasun ugari izan zituen leitzarrak.

Behin buelta emanda, gora eramatea are gehiago kostatu zitzaion. Bularrera eramateko saiakeran energia asko galdu zuen eta indar falta izan zuen ondoren. Lau kolpe eman zituen, baina harriak kostata egiten zuen goruntz. Bostgarren kolpean, sorbaldan berdindu nahi izan zuen, baina harriak gain hartu zion, eta epaileek ez zuten balekotzat eman altxaldia.

«Beroketa lanetan oso ondo sentitu naiz, harriak erraz eta segurtasun handiz altxa ditut. 300ekoarekin ondo hasi naiz, baina buelta ematerako orduan ez aurrera ez atzera geratu naiz, eta kontzentrazioa galdu dut. Kolpe gehiegi behar izan ditudala ikustean ez naiz buruarekin aritu», adierazi zuen saioa amaitzean.

Hau guztia, 23 segundoan egin zuen, eta lau minutu gehiago geratzen zitzaizkion beste ahaleginen bat egiteko. Hala ere, nekatuta eta indarrik gabe ikusi zuen bere burua Perurenak.

Denbora amaitu baino lehen, laguntzaile gisa aritu ziren bere anai Xabier eta Isaak Martinezi beste jasoaldirik egingo ez zuela adierazi zien. Epaileak txistua jo arte ez zuen pilotalekua utzi leitzarrak. Bertan bildu zirenek, txalo artean agurtu zuten, egindako indar erakustaldiari eskerrak emanez.

2014a baino lehen,  berriro

Inaxio Perurenak, bere aita Iñaki eta Mieltxo Saralegik soilik lortu duten marka gainditzeko lanean jarraituko duela esan zuen: «Abuztuan hasi nintzen prestatzen, eta gorputzari astindu handia eman ondoren orain deskantsatzeko garaia da. Udako erakustaldiak egin eta gero berriro ere prestatzen hasiko naiz, urtea amaitu baino lehen beste saiakera bat egin nahi baitut».

1leitzaldea@hitza.info

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!