Aimar Agirresarobek bigarren postua lortu du Zarauzko Triatloi proban

Ataria 2013ko ekainaren 11

Aimar Agirresarobe tolosarrak bigarren egin zuen eguraldi txarrak guztiz baldintzatutako XXVII. Zarauzko Triatloi proban. Euria eta itsasoa izan ziren eguneko protagonista nagusiak. Aste osoan zehar, marmoka txikiz bete zen Zarauzko hondartza, eta kirolariak arriskuan jar zitzakeela ikusita, antolatzaileek uretako zatia bertan behera uztea erabaki zuten. Hori gutxi balitz, duela bi aste Getaria eta Zumaia arteko errepidean zulo bat eragin zuen denboraleak, eta txirrindularitza saioko ibilbidea ere aldatu behar izan zuten antolatzaileek.

Gauzak horrela, duatloi formatua eman zioten probari, eta txirrindularitza eta korrika saioak izan zituen soilik. Hasteko, herriaren barneko bederatzi kilometroko ibilbide bati bi bira eman zizkioten lasterka; ondoren, 82 kilometro egin zituzten bizikletaz; eta amaitzeko berriro ere korrika saioa izan zuten, baina, aurreikusitako hogei kilometroak egin beharrean, hamalau egin zituzten.

Gizonezkoetan, Eneko Llanos gasteiztarra izan zen garaile. Triatloilari profesionala proba irabazteko faborito zen, eta 3:42:50 behar izan zituen ibilbide osoa betetzeko.  Agirresarobe tolosarrak Llanosek baino ia sei minutu gehiago behar izan zituen. Azken saiora aurreko taldearekiko desabantailan iritsi zen, baina korrika saio ona burutu, hauek harrapatu eta atzean uzteko gai izan zen. 3:48:24an geratu zuen erlojua. Podiumeko hirugarren lekuan, Mikel Elgezabal gernikarra sailkatu zen.

Emakumezkoen mailan, berriz, Catriona Morrison eskoziarra izan zen txapeldun. Radka Vodickoba txekiarrak lortu zuen zilarrezko domina, eta Estefania Gomez kantabriarra izan zen hirugarren.

Urte oparoa izaten ari da tolosarrarentzat. Maiatzean, Deban, Euskadiko Sprint Triatloi txapeldun izendatu zen lehenengo, eta Bilboko lasterketa irabaztea lortu zuen ondoren. Zarauzko bigarren postuarekin sasoi onean dela erakutsi du Agirresarobek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!